Kapitalismoari aurre egin gabe, arrazakeria ezabatzen saiatu zen ikonoa

Axier Lopez
2

David Rockefeller, Bilderberg Kluba sortu eta CIA diruz lagundu zuen milloiduna Nelson Mandelarekin. CIAren parte-hartzea ezinbestekoa izan zen Mandela atxiltzeko, eta ondoren 27 urtez espetxean izateko.
David Rockefeller, Bilderberg Kluba sortu eta AEBtako CIAren lana diruz lagundu zuen milioiduna Nelson Mandelarekin. CIAren parte-hartzea ezinbestekoa izan zen Mandela atxiltzeko, eta ondoren 27 urtez espetxean izateko.

Gaur, abenduak 5, munduko agintariak Nelson Rolihlahla Mandelaren izaera goraipatzen ari dira, heriotzaren laugarren urteurrenarekin bat. Hegoafrikako Apartheidaren aurkako borrokan “terrorista” izandakoa, bakearen aldeko ikur dugu egun, baita gerra eta biolentzia munduan barreiatzen ari diren agintarien ahotan ere. Nolatan bada?
Bere bizitza eta militantzia politikoa Apartheida suntzitzera bideratu zituen Mandelak. 1992ra arte, Hegoafrikan azal zuriko 4 milioi pertsonak 40 bat milioi beltz esplotatzen zituzten, azal ilunekoek ilun izateagatik azala ez zutelako inolako eskubide politiko edo sozialik onartuta. Eskulan merke, on eta errentagarria ziren enpresari zurientzat. Borroka luzearen ostean, Mandelaren 27 urteko espetxealdia barne, sistema anker horri amaiera eman eta legedi berrian herritar guztiei eskubide maila bera aitortzea izan zen Mandelaren arrakastarik handiena.
Berdintasun formala
Berdintasuna, hitzez, legeetan jasotzea lortu zuen, baina, tamalez, ezberdintasunĀ  sozialek bere horretan jarraitu dute gaur egun arte. Mandela presidente izandako urteetan zein bere alderdiaren gidaritzapeko gainerako gobernuek bere horretan utzi dute kapitalismoak herrialdean eragindako arrakala sozial eta politikoa. Eta hala, egun Hegoafrika da munduan “batzuen” eta “besteen” artean alderik handiena duen herrietako bat. Apartheidaren garaietan bezala herritarren gehiengoak pobreziara kondenatuta jarraitzen du, eta horien gehiengo ia erabatekoa beltza da. 2015ean gizartearen erdia baino gehiago pobreziaren azpitik bizi zen. Munduan langabezia tasarik handienetako bat du Hegoafrikak: %25 pasa. Horren ondorioz, “gaur egun ere arrazakeria da Hegoafrikaren erronkarik garrantzitsuenetako bat”. Hala adierazi du Nazio Batuen Giza Eskubideetarako Hegoafrikako Batzordeak.
Arrazakeriaren muina ez ikutzea erabaki zuen Mandelak. Sistema politiko xenofoboa aldatzea deliberatu zuen, baina klasismoa ikutu gabe. Hau da, herritar batzuen (nagusiki beltzak) eta besteen (nagusiki zuriak) artean alde izugarriak sortzen dituen sistema ekonomikoaren oinarriak, orohar, bere egiten zituen. Horren adibide esanguratsuena da 1992ko Davoseko gailur ekonomiko ospetsuan Mandelak adierazitakoa. Mundu osoari argi utzi zion bere gobernuaren lerro politiko eta ekonomikoek ez zutela neoliberalismoak ezarritako mugak gainditzeko asmorik.
Beraz, galdera da. klasismoari aurre egin gabe, sistema ekonomiko eta politikoa eraldatu gabe, arrazakeria desagerrarazi al daiteke? Galdera horren erantzuna aurkitzeko leku ona izaten jarraitzen du Hegoafrikak.

2 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA