Djokovic eta pertzepzio soziala

Axier Lopez
2
Novak Djokovic, Melbourneko epaitegira bidean igandean. Argazkia: EFE

Novak Djokovic Australiatik kanporatzea erabaki du Auzitegi Federalak. Australiako Gobernuak tenislari serbiarraren bisa bigarren aldiz baliogabetzeko hartu zuen erabakiaren aurkako helegiteak ez du aurrera egin. Erabakia aho batez hartu dute Auzitegi Federaleko hiru epaileek. Horren ostean soka luzatu da eta adibidez, Frantziako Gobernuak adierazi du tenislariak ezingo duela parte hartu Roland Garrosen.

Australiako epaiaren funtsa da herritarren bisak baliogabetzeko Immigrazio ministroak – Alex Hawke– duen ahalmena, baldin eta pertsona horiek “interes publikoaren” edo “osasun eta ordenaren” interesen aurka egiteko arriskurik bada. Nahiz eta Australiako Gobernuak onartu duen Djokovicek norbait koronabirusaz kutsatzeko arriskua “hutsala” dela, infekzio batetik atera berri delako, Hawkek justifikatu du “txertoen aurkako bere jarrera argiak” istiluak eragin ditzakeela kirolaz kanpoko arrazoiek bultzatuta. Bestalde, Djokovicen abokatuek argudiatu dute hankarik eta bururik ez duela Hawkek argudiatu izana Djokovicen presentziak Australian izan lezakeen eragina, eta haren deportazioak eragingo duena alboratzea.

Azken asteotako esperpento mediatikoa eta monologo zuri-beltzaren gainetik kasuaren alderdirik interesgarriena beste bat da. Agintariek adierazi dute ez daudela kezkatuta Djokovicek txertaketari buruz omen dituen iritziekin, baizik eta iritzi horien pertzepzio publikoarekin. Hau da, iritzi jakin bati buruz herritarrek pentsa dezaketenak (eta, agian, horren arabera jardun) bultzatuta mugitu da gobernua. Ikuspegi horrek eraman du Djokovicen kasua beste eremu malkartsuago batera.

Auzitegi Federalaren erabakia Migrazio Legearekin bat datorrela dirudi, baina etorkizuneko inplikazioak zalantzak eragiten ditu. Australiako Monash unibertsitateko irakasle Maria O ‘Sullivanen arabera, lehenik, ez da bidezkoa beste batzuen pertzepzioak edo ekintzak arrazoi nahikoa izatea edonor herrialde batean egoten ez uzteko. Hau da, iritzi publikoak jokaera edo iritzi jakin batekin hauteman dezake pertsona bat, baina horrek ez du esan nahi pertzepzio hori zuzena denik. Pertsona horrek garai horretan pentsatzen duenarekin ez du zertan bat etorri, eta, hala ere, pertsona horri bisa ukatu egingo liokete. Bigarrenik, Australiako ministroak “goi mailako kirolari gisa, Djokovicek gizartean eragiteko duen gaitasuna” azpimarratu du. Zer gertatuko da kirolari batek txertorik hartu ez badu, baina profil handikoa ez bada? Non dago onargarriaren eta arbuiagarriaren arteko muga? Ospearen arabera?

Eta azkenik, O ‘Sullivanen arabera kezkagarriena, logika hori gizartean “eragiteko gaitasuna” duten ororengana hedatuz gero, Gobernuak “protesta eragiletzat” jotako edozein pertsona herrialdetik kanporatzeko balia liteke. Iritzi batek Australiako komunitatearen osasuna, ordena eta segurtasunean eragin txarra izan dezakeelakoan, bisa bertan behera uzteko arrazoi bilakatzeak adierazpen askatasunarekin lotutako arazoak ere sortzen ditu.

2 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA