Esklabotza goraka XXI. mendean

Axier Lopez
0
Argazkia: AP

Mundu osoko 50 milioi pertsona inguru esklabotza modernoaren biktima dira, beren borondatearen aurka lan egitera edo beren baimenik gabe ezkontzera behartuta. Horrek esan nahi du planetako 150 pertsonatik bat egoera horretan dagoela. Hala islatzen du pasa den astean Lanaren Nazioarteko Erakundeak eta Migrazioetarako Nazioarteko Erakundeak argitaratutako esklabotza modernoari buruzko txostenak. 27,6 milioi pertsona inguru bizi dira lan-esklabo gisa, eta beste 22 milioi lagun gogoz kontra ezkonarazita.

Esklabotza modernoa sufritzen duten pertsonen kopuruak nabarmen egin du gora azken bost urteetan: 2016ko datuekin alderatuta, 10 milioi pertsona gehiago. Aldatu ez direnak dira biktima zaurgarrienen ezaugarriak: emakumeak eta haurrak.

Txostenaren arabera, egoerak okerrera egin du koronabirusaren pandemiak, gatazka armatuek eta klima-aldaketak eragindako krisien ondorioz. Pobreziak eta behartutako migrazioak gora egin dute, baita indarkeria matxistarekin lotutako salaketek ere. Horiek denek populazioa ahulago bilakatu dute esklabotza modernoaren askotariko aldaeren aurrean.

Txostenak bildu dituen ondorioen alderdirik aipagarrienetako bat da esklabotza modernoa munduko ia herrialde guztietan gertatzen dela, eta desberdintasun etniko, kultural edo erlijioso guztiak zeharkatzen dituela. Ez dago munduan eskualderik behartutako lanetik libre. Behartutako lanen erdia baino gehiago (%52) eta behartutako ezkontza guztien laurdena gertatzen dira Euskal Herriaren moduko errenta ertain-altuko edo altuko herrialdeetan. Behartutako lanen %86 enpresari pribatuek eragindakoa da, gainerako kasuen %14 estatuen erruz gertatzen da.

Behartutako lana ia lan-sektore guztietan dago. Pertsona helduak gehienbat zerbitzuetan, manufaktura-industrian, eraikuntzan, nekazaritzan eta etxeko lanetan esplotatzen dituzte. Pandemia garaiko konfinamendu-politiken ondorioz, herrialdeetara sartzeko legezko bideak itxi izanak handitu egin zuen behartutako lanetan erortzeko arriskua eta migratzaileen kasuan pertsonen trafiko-sareetan harrapatua izatekoa. Izan ere, haien etxea, familia eta lagunak atzean utzi eta bizitza hobearen xerka abiatu diren pertsona migratuena da mundu osoan esklabotza modernoak gehien eragiten duen kolektiboa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA