Zer ari da gertatzen Zisjordanian?

Axier Lopez
0
Otsailaren 10an, Nablusen, maskaratutako militante palestinarrak prentsa agerraldi baten bidean, Israelek hil berri zituen burkideen kasua salatzeko. Argazkia: Shadi Jarar’ah - APA Images

Zer gertatzen ari da Zisjordania okupatuan eta Jerusalemen, eta zergatik? Azken asteotan gehien errepikatu den galderetako bat da egoera ikusirik: 5.292 palestinar baino gehiago atxilotu dituzte urtarriletik (%14 adingabeak), Palestinako Presoen Elkartearen arabera. 2022an, Israelen etengabeko sarekadetan 165 palestinar baino gehiago hil dituzte, eta horietatik 115 Zisjordanian.

Ez dago zalantzarik: Israelek nabarmen areagotu du palestinarren aurkako errepresio sistematikoa Zisjordanian, bereziki Nablus, Jenin eta Jerusalemen, zibilen zein erresistentzia armatuko taldeko kideen kontra. Baina bada sionismoaren azken errepresio olde hau bereizten duen faktore garrantzitsu bat: talde armatu palestinar klasikoei aurre egiteaz gain –ez baitiote uko egin konfrontazioari–, orain ere erresistentzia talde armatu berriak izan dituzte aurrean. Aipagarrienak: Nablus-en sortutako Areen Al-Aswad (Lehoien Gordelekua) –Palestinar Aginte Nazionalaren (PAN) segurtasun indarrak Hiri Zaharretik kanporatu zituena–, Zisjordaniako errefuxiatu gunerik handiena den Balatan eratu duten batailoia eta erresistentzia historia luzea duen Jenin hirian antolatutako brigadak. Talde berri horiek mutil gazteek osatzen dituzte eta Palestinako erakunde historikoetatik kanpo daude antolatuta.

Irailaren 3an Nabluseko Areen Al-Aswad-ek argitaratutako argazkia haien Telegram kanalean.

Are gehiago, Yvonne Ridley kazetariak dioen bezala, gazte hauek sentitzen dute ez dutela ezer galtzeko israeldarren okupazioaren basakeriaren eta PANeko agintari ustelen aurka oldartzen badira. Izan ere, Palestinako belaunaldi berrietan gero eta nabarmenagoa da PANekiko aldentzea. PANeko aginte-egituretan aldaketa handirik ez da izan azken hamarkadetan, eta ez du presidentetzarako eta parlamenturako hauteskunderik egin 2005etik eta 2006tik. “Gazteen erreakzioak agerian utzi du Palestinako proiektu nazionalaren eta bi estaturen konponbidearen porrotak eragindako frustrazioa; gero eta kezka handiagoa da autogobernu-erakundearekiko eta Fatah alderdi ofizialistarekiko, askok ustelak, autoritarioak eta Israelen interesen zerbitzaritzat jotzen baitituzte”, Palestinako Mediku Sorospenerako Elkartearen Nabluseko koordinatzaile Ghassan Hamdanen hitzetan. Ez dira gutxi diotenak Israelek Zisjordanian duen kontrola PANek emandako erraztasunei esker dela neurri handi batean; ekintzaileak zelatatzeko, seinalatzeko, atxilotzeko eta palestinarren konpromiso politikoa askapenaren diskurtsotik urrun bideratzeko.

Jarrera kolaborazionista horren erakusgarri, Preso Politikoen Senitartekoen Batzordeak 296 kasu bortitz dokumentatu ditu PANek palestinarren aurka egindakoak, tartean 57 urteko Firas Ya ‘aishen hilketa manifestazio batean, irailaren 20an. Hilabete hasieran Ramalan emandako hitzaldi batean, PANeko buru Mahmud Abbasek esan zuen bere lehentasuna dela “palestinar milizien aroari amaiera ematea”.

Edonola ere, argi dago irtenbide klasikoak kale itsuan daudela (Osloko akordioak, bi estatuen irtenbidea, PANen ustezko autonomia, Israelgo apartheid-aren nazioarteko presioa…) eta ez direla nahikoa Palestinako belaunaldi berrientzat, egunero Israelgo kolonialismoa nola hedatu eta normalizatzen den ikusi bitartean. Palestinako askapen prozesuan zerbait ari da mugitzen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA