Ultrak Israelgo agintean, beldurrak eta aukerak

Axier Lopez
0
Benjamin Netanyahu, hauteskundeetako panel batean, bi politikari ultraeskuindar eta ortodoxoek inguratuta: ezkerean Itamar Ben-Gvir eta eskuinean Bezalel Smotrich eta Michael Ben Ari. Argazkia: AFP

Sionismoa bezalako muturreko ideologia xenofoboak gidatutako estatua, nola bilaka daiteke eskuindarrago, ultraortodoxoago? Bada bai, Israelen harritzeko gaitasunak, izan bonba edo boto bitartez, ez du mugarik. Sionismo Erlijiosoa koalizio ultraeskuindar eta supremazista judua hirugarren indarra da, eta Benjamin Netanyahuk boterea –eta immunitatea– berreskuratzeko funtsezko babesa izango da, oposizioan urte eta erdi egon ondoren. Ustelkeria kasuak jotako Netanyahuren Likud alderdi kontserbadoreak irabazi ditu joan den asteko hauteskundeak, 2019tik hona egindako bosgarrenak.

Aliantza ultraortodoxoaren buru Itamar Ben-Gvir dago, judu ultraortodoxoen eta trumpisten nahasketa modukoa. Agintari armazale eta militarista horrek politika argiak ditu instituzio publikoen kontrol-gaitasuna ahultzeko, soldadu israeldarrentzako immunitate judiziala handitzeko, legez kanpoko koloniak zabaltzeko eta LGBTI kolektiboko pertsonen eskubideen aldeko legeak ezeztatzeko. Aipatu dituen neurri zehatzen artean honako hauek daude: heriotza-zigorra “terrorista” palestinarrentzat, “Israelen bizi diren arabiarrak juduen lurraldetik kanporatzea, leialak ez badira”, eta Zisjordaniaren anexioa edo, gutxienez, Zisjordaniako azaleraren %62a den C eremua bereganatzea. Aurretik, Ben-Gvir Kach-eko kidea zen, Israelen “erakunde terrorista” izateagatik legez kanporatutako alderdikoa. Ben-Gvirrek Segurtasun ministro izatea eskatu dio Netanyahuri gobernua osatzeko babesaren truke, baita Defentsa ministerioaren buruzagitza Bezalel Smotrich koaliziokideari ematea ere.

Ez da harritzeko beraz, zeintzuk izan diren lehen agintariak Netanyahuri zorionak ematen: Italiako lehen ministro Giorgia Meloni, Viktor Orban hungariarra eta, jakina, Jair Bolsonaro, Brasilen jarraitu beharreko eredu gisa Israel sarritan aurkeztu duena. Palestinarrak ez dira azken deriba honetaz harritu. Jerusalemgo Jalal Abukhater idazleak azpimarratu duenez: “Palestinarrok ez gara eskandalizatzen Israelgo politikaren muturreko norabideagatik. Kontrolik gabeko kolonialismoaren emaitza naturala da, jazarpen politiko, indarkeria instituzional, apartheid eta garbiketa etniko gisa eratutakoa”.

Israel beti saiatu da nazioartean bere irudia zaintzen eta zuritzen, nahiz eta Palestinako herriaren aurkako giza eskubideak agerikoak eta etengabeak izan. Oso jakitun dira nazioarteko komunitatea delakoren abalik gabe, estatu okupatzaile batek, bortxazko desplazamenduan eta kolonialtasunean oinarritutakoak, ez duela etorkizunik; munduko potentzia militar handienetakoa izanik ere.

Inork ez du zalantzan jartzen ultraeskuina aginte postuetara sartzeak are gehiago gogortuko duela palestinarren aurkako apartheid sistematikoa. Baina, beste alde batetik, aukera ere bada. Huts egin duen estatu baten ADNa agerian uztekoa: “bestearen” ukazioaren gainean eraikitako nazionalismoa, Israelgo ezkerrak zein eskuinak elkarbanatzen duten proiektu nazionalaren erroetan dagoena. Israelgo Haaretz egunkariak azaroaren 2ko editorialean zioen bezala, “Sionismo Erlijiosoko kideek judutarren aberriaren proiektua kontserbadore, eskuindar, arrazista eta juduen supremazismo erlijiosorako egitasmo bihurtu dute. Israelgo hirugarren indar politikoa dira, eta hori da azken hauteskundeen egiazko esanahi beldurgarria”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA