Israelgo Segurtasun Nazionaleko ministro Itamar Ben-Gvirrek igandean agindu dio Poliziari Palestinako banderak kentzeko leku publiko guztietatik. Nahiz eta Israelgo legeak ez duen delitutzat jotzen bandera gorri, zuri, berde eta beltza espazio publikoan erakustea, Ben-Gvir ministro supremazistaren aginduak ahalmen berezia eman dio Poliziari palestinarren ikurra de facto debekatzeko, eta arrazoi bat gehiago herritar palestinarrak zapaltzeko.
Hori izan da ultraeskuinak babesten duen Benjamin Netanyahuren gobernu berriak emandako erantzunetako bat, berriki Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusiak onartutako ebazpenari. Aldeko 87 botorekin, kontrako 26rekin eta 53 abstentziorekin onartutako testuan NBEk Nazioarteko Justizia Gorteari “iritzi aholku-emailea” eskatu dio lurralde palestinarren gaineko okupazioari buruzkoa. Haserre bizia eragin du horrek Israelgo gobernu berrian Atzerri ministroaren adierazpenek erakusten dutenez: “NBEren erabakia Israelen aurkakoa da eta laguntza ematen die palestinar erakunde terroristei eta BDS ؘ–Boikota, Desinbertsioa eta Zigorrak nazioarteko ekimena– mugimendu antisemitari”.
Palestinako bandera publikoki ez erakusteko agindua ez da izan eragin duen erantzun bakarra. Israelek Zisjordaniako C eremuan –lurraldearen %60 hartzen duena eta 1967tik Israelen kontrolpean dagoena– palestinarren eraikuntza guztiak geldiarazi ditu; 40 milioi euro inguru konfiskatu ditu Israelgo Gobernuak agintari palestinarren izenean egiten dituen zerga-bilketetatik; “estatu juduaren aurkako” edozein jarduera –ekimen politiko eta legalak barne –sustatzen duten talde edo erakundeen kontrako neurri berriak indarrean ezarri ditu; eta Israelera sartzeko baimena baliogabetu die kartzelan urte gehien eman duen preso palestinarra bisitatu zuten Palestinako hiru goi-kargudunei. Izan ere, 40 urtez preso izan den Karim Yunis palestinarra libre geratu dela eta, ongietorri jendetsua egin zioten haren jaioterrian, nahiz eta Ben Gvir ministroa ekitaldia debekatzen saiatu, han “terrorismoari babesa adieraziko zitzaiola” argudiatuta. Ministro izan aurretik Ben Gvirrek publikoki proposatu izan du heriotza zigorra ezartzea israeldarrak hiltzeagatik errudun jo dituzten palestinarrei. Ildo beretik, Barne ministro Aryeh Deri ultraortodoxoak Younisi herritartasun israeldarra kentzeko aukera planteatu du, “Israel kaltetzeko” erabiltzen duela argudiatuta.
2022. urtea izan da palestinarrek 2004tik bizi izan duten hilgarriena: 240 palestinar baino gehiago hil dituzte, tartean 40 haur eta adingabe. Gaur egun, Israelgo espetxeetan 4.700 palestinar inguru daude, horietatik 150 adingabeak dira eta 800 baino gehiago kargurik eta epaiketarik gabe daude preso, preso politiko palestinarren elkartearen datuen arabera.