Ezker ala eskuin, maputxeak berdin?

Axier Lopez
0

Urrunetik ikusita, Txilen egoera alda zitekeela zirudien. Azken hamarkadetan ikusi gabeko altxamendu herrikoi batek eragin zuen faxistek idatzitako konstituzioa berridaztea– prozesua hasieran maputxe batek zuzenduta –, hauteskundeak ezkerreko koalizio batek irabazi zituen… baina Wallmapuren gaineko salbuespen-egoera indarrean zela alde egin zuen Sebastian Piñera presidenteak, eta Gabriel Boric boterera iritsi eta bi hilabetera horixe bera dekretatu zuen, maputxeen “indarkeriari aurre egiteko beharrezko neurri” gisa. Pasa den asteko asteartean, Boricek eskatuta, Wallmapun larrialdi-egoera luzatzea onartu zuen kongresuak, “hegoaldeko bi eskualderen kontrolerako militarrak erabiltzen jarraitzeko”. Boricek, urteetan, salbuespen-egoeraren aurkako jarrera argia adierazi zuen, eta maputxeekiko gatazkan hura erabiltzearen aurka azaldu izan da, “indarkeria areagotu izan duten errezetak ezin direla errepikatu” esanda. Halako jarrera izan du, boterera iritsi arte. Ordutik salbuespen-egoera 15 aldiz berritu du gobernuak.

Maputxeen bandera, lurraren defentsan eta erregimen kolonialaren aurkako ehunka urtetako borroka eta erresistentziagatik, ezker koalizio bat boterera eramaten lagundu zuen 2019ko eztanda sozialaren ikur nagusietako bat izan zen. Orduan ez ziren gutxi uste zutenak gobernu aldaketak lagunduko zuela herri maputxearen egoera hobetzen. Baina errepresioak indarrean jarraitzen du, eta ezkerreko gobernua maputxeen lurretan nagusi diren botere ekonomiko faktikoen defentsarekin lerrokatu da. Adibiderik argiena, baso-ustiaketa da. Deforestazioan oinarritutako negozio horrek ingurumenari eta inguruko komunitate guztiei –sarri ur edangarririk gabe uzten dituena– egiten dien kaltea gorabehera, Boricen gobernua jabetza pribatuaren eta, beraz, latifundismoaren defentsan agertu da, maputxeei ebatsitako lurren ezbaian latifundisten interesen alde eginda. Arpilatze kolonialaren ondoren, ehunka mila hektarea, iruzur eta indarkeriaren bitartez, egur-industriaren, hidroelektrikoen, ekoturismoaren, eolikoen eta monolaborantza intentsiboko ekoizpenen jabetza izatera pasa ziren.

Egun preso dagoen CAMeko eledun Hector Llaitul.

Oraindik ez da urtebete pasa Txilen ezkerra agintean dagoela, eta dagoeneko preso daukate Wallmapuko lurren okupazioaren aurka borrokatzen den Arauco Malleco Koordinakundeko (CAM) zuzendaritza. Héctor Llaitul bozeramailea abuztuaren 24an atxilotu zuten, terrorista izatea egotzita. Ondoren, CAMeko kide gehiago atxilotu eta espetxeratu dituzte, besteak beste, Llaitulen semeetako bi, Pelentaro eta Ernesto. Euren egoeraren berri emateko, gose greba hasi zuten azaroaren 27an, eta hilabete eta erdi greban egon ondoren, gehiengoak urtarrilaren 11n amaiera eman dio, Valdiviako kartzelan diren bi kidek greban jarraitzen dute. Gai honetan, ohi legez, eskuinaren presioa sakona da. Horren adibide da, abuztuan kargutik kendu zuten Txileko Gizarte Garapeneko ministro Jeanette Vega, zer eta Héctor Llaitulekin harremanetan jartzen saiatu izanagatik.

Azaroaren hasieran, Boricek, Wallmapura egin zuen lehen bisitan, “terrorista” hitza erabili zuen ekintza zuzena –zur-industriaren hondeamakinak saboteatzea, kasu– darabilten maputxeak definitzeko, Piñeraren gobernu neoliberalaren antzeko dialektika. Izan ere, Boricen gobernuak mahai gainean du maiatzean Legebiltzarrak onartutako ebazpen bat, CAM eta beste erakunde maputxe batzuk “legez kanpoko elkarte terrorista” izendatzea eskatzen diona gobernuari. “Guretzat ez da ezer aldatu. Kontrara, orain kolonialismoa eta kapitalismoa aurkezten ari dira progresismo zantzuekin; boteredunak eskuin zein ezkerrekoak izan, maputxeak zapaltzen segitzen dute”, adierazi zuen CAMek Boricen bisitaren harira.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA