Refuge elkarteko kideek 1.071 sagar ustel jarri dituzte New Scotland Yardeko atarian. Hala, agerian utzi nahi izan dute Londresko Polizia Metropolitanoan (Met) inoiz izan den krisi politikorik handiena: 1.071 polizia ikertzen ari dira ehunka emakumeri eraso egin edo bortxatzeagatik.
David Carricken kasua izan da erbia harrotu duena. 48 urteko polizia horrek epailearen aurrean aitortu du 12 emakumeri 80 sexu-abusuak egin dizkiela. Carrickek 49 delituren erruduntzat jo du bere burua; tartean 24 bortxaketa.
“Polizia izateaz baliatu zen bere biktimak kontrolatzeko eta hertsatzeko”, aitortu du Met-eko zuzendaritzak. Londresko Poliziak onartu ez duena da segurtasun indarren arteko ohiko jokaera bat, Euskal Herrian ere ezaguna zaiguna: korporatibismoa eta polizien arteko elkar-babesa. Lankideek ‘Bastard Dave’ deitzen zioten Carricki, eta nahiz eta Met-ek eta Britainia Handiko beste hiru Poliziak mota askotako kexak jaso zituzten Carricken jokabide matxista eta bortitzarekin lotuta, Polizian lanean jarraitzeko baimena eman zioten. Azkena, 2021eko uztailean, orduan ere Carrick ikerketapean bazegoen ere, polizia lanetan jarraitu zuen. Eta egin kontu, artean bizirik zen Britainia Handian asaldura eragin zuen beste antzeko kasu bat: 2021eko martxoan Scotland Yardeko polizia batek, Wayne Couzensek, Sarah Everard bortxatu eta hil egin zuela jakin zen.
Carricken kasua ale bat besterik ez da sagardi zabalean. Poliziak berak onartu behar izan du 1.071 agente eta Poliziaren beste funtzionario batzuk ikertzen ari dela, azken hamarkadan gertatutako emakumeen kontrako 1.633 sexu-delitu eta indarkeria kasurengatik. “Ez da sagar ustel bat, Polizia osoaren arazo sistemikoa da”, salatu du Refuge elkarteko kide Ruth Davisonek, eta gaineratu du, “nola baimendu dute abusu-egile horiek hain denbora luzean botere guneetan egotea?”
Ikusteke dago Poliziaren ikerketek zer emaitza izango duten, zer zigor ezarriko dizkieten polizia erasotzaileei eta zer neurri ezarriko dituzten segurtasun indarrek horrelakorik berriz ez egiteko. Baina, edonola ere, Londresko Poliziaren parte izan diren erasotzaile matxisten kopuruak dardarizoa sortzen du, eta gogora ekartzen digu Eliza Katolikoak bere liberatuen artean izan dituen pederasta eta bortxatzaile andana. Apaiz, gotzain eta mojen antzera, poliziek ere boterea baliatu dute zaindu behar omen zuten hori mendean hartzeko, beren uniformeak eskaintzen dien ustezko zigorgabetasunaz jakitun.
Hala dio sagar ustelak paratu dituen Refuge elkarteak: “David Carricken moduko gizonek lana bilatuko dute Polizian, gehiegikeriak egiteko boterea ematen dielako. Polizian ezarrita dagoen kultura misoginoa da gizon horiek erakartzen dituena. Emakumeak Poliziari abusuak salatu eta seguru sentitu beharrean, emakumeak Poliziaren beldur dira”.
1 Iruzkin
Are all cops bastards?