Tunisiako hiriburuan ehunka pertsona kalera atera dira larunbatean, arrazakeriaren aurka eta “gorroto kanpaina” pairatzen ari diren migratzaileen babesean. Pizgarria Kais Saied presidentearen adierazpenak izan dira, Tunisiara heldu diren Saharaz hegoaldeko pertsonak “mehatxutzat” jo ditu eta.
“Legez kanpoko immigrazio uholdeen aitortu gabeko helburua da Tunisia herrialde afrikar huts bilakatzea, nazio arabiar eta islamikoekin inolako harremanik gabe utzita. Mende hasieratik akordio kriminala izan da Tunisiaren osaera demografikoa aldarazteko asmoz. Alderdi batzuek diru kopuru handiak jaso zituzten 2011z geroztik [Tunisiako Iraultzaren ondorengo urtea, Udaberri Arabiarrari hasiera eman ziona], Saharaz hegoaldeko Afrikako etorkin irregularrak Tunisian finkatzeko”, zioen presidente eskuindar nazionalistak.
Migratzaileak talde antolatu, ikusezin eta exogeno gisa aurkeztuta, tunisiarren egiazko “idiosinkrasia” mehatxupean dagoela aditzera eman nahi du. Europan ere ezaguna zaigu diskurtso xenofobo hori, alderdi neofaxistek ez ezik, Europako Batasuneko segurtasun politika goi-ordezkari Josep Borrellek ere hauspotu baitu: “Europa lorategia da eta munduaren gainerakoa oihana”, zioen urrian. Bada Saieden adierazpenak txalotu dituenik, tartean Frantziako azken hauteskundeetan presidentegai izandako Eric Zemmour ultraeskuindarra: “Tunisiak premiazko neurriak hartu nahi ditu bere herritarrak babesteko. Zeren zain gaude Ordezkapen Handiaren aurka borrokatzeko?”.
Tunisia funtsezko abiapuntua da Afrikatik Europara iritsi nahi duten pertsonentzat. Nazio Batuen arabera, munduko migrazio-ibilbiderik hilgarriena da. Sahara azpiko herrialde askotako milaka lagun lanbide prekarioetan aritzen da Tunisian, Italiara heltzeko beharrezko duten dirua lortzeko.
Afrikako Batasunak Saieden adierazpenak gaitzetsi ditu eta “gorroto diskurtsoak” alboratzeko dei egin dio. Tunisiako giza eskubideen aldeko eta oposizioko taldeek salatu dutenez, Saidek arrazismoa hauspotu du “tunisiarrak herrialdearen benetako arazoetatik aldentzeko”. Tunisiako langileen sindikatu garrantzitsuena den Langileen Batasun Orokorra (UGTT) ildo beretik mintzo da. Sindikatuaren aurkako jazarpen politikoa salatu dute: “Gobernuak azken hauteskunde legegileetan izandako porrota ezkutatu nahi du, hamar boto-emailetik batek baino ez zuen parte hartu”.
Duela bi aste milaka sindikalistak protesta egin zuten herrialde osoan “Tunisia ez dago salgai!” lelopean, egoera ekonomiko okerra salatu eta urtarrileko greba batean Poliziak atxilotu zuen Anis Kaabi buruzagi sindikal ezaguna aska dezaten eskatzeko. Tunisiako agintariek presidentearen aurkako oposizio eta sektore kritikoen aurkako errepresioa areagotu dutela dioten ahotsak ugaritu dira azken hilabeteotan. Are gehiago 2021eko uztailean, Kais Saiedek Parlamentua bertan behera utzi eta Gobernua desegin zuenetik.