Kosovo, beste behin

Axier Lopez
0
Serbiarrak udaletxe bateko sarrera blokeatzen. Argazkia: AFP

NATOk Jugoslavia ohiaren kontra (Serbia) aldebakarreko erasoak egin zituenetik 24 urte igaro dira, eta 15 urte Kosovok aldebakarreko independentzia aldarrikatu zuenetik, erreferendumik edo hauteskunde plebiszitariorik egin gabe. Baina urteak pasata ere, tentsioa ez da desagertu eta talkek ziklikoki berpizten jarraitzen dute.

Kosovo lurralde disputatua da serbiarren eta albaniarren artean. 1999ko bonbardaketen ostean, Serbiako zonalde hartan bizi ziren gutxiengo gehienek, serbiarrek eta ijitoek bereziki, ihes egin behar izan zuten. Ondoren NATOk eta AEBek diseinatu zituzten herrialdearen egiturak eta funtzionamendua, eta hala, etnia bakarreko proiektu bilakatu zuten. Baina ez guztiz; 11.000 kilometro koadro baino gutxiagoko herrialdean, egun 1,8 milioi herritarren %90 albaniarra da, %6 inguru serbiarra –nagusiki iparraldean bizi dena– eta beste %4 beste etnia batzuk. Albaniarren gehiengoa musulmana da eta serbiarrena, aldiz, ortodoxoa.

Azken egunotan, 80 pertsona baino gehiago zauritu dituzte Kosovo iparraldean, NATOko 30 soldadu barne, azken urteotan izandako istilu larrienetan. Horren arrazoia da Kosovo lau udalerritan serbiarrek uko egin diotela alkateak aitortzeari. Herri horiek salbuespena dira, han serbiarrak gehiengoa direlako. Apirileko udal hauteskundeetan serbiarrek uko egin zioten parte hartzeari, eta horregatik herri horietan gutxiengo albaniarrak soilik bozkatu zuen (hautesleen %4 baino gutxiago). Koktela prest zegoen: alkateen zilegitasun faltak hauspotu du itzali ez den auzi etniko eta politiko historikoak. Maiatzaren amaieran, serbiar komunitateko kideek udaletxeetako sarbideak blokatu zituzten. Kosovoko Poliziak indarrez erantzun zuen, eta protestak bortitzago bihurtu dira.

Serbiarrek eskatzen dute alkateak eta Kosovoko Poliziaren unitate bereziak erretiratzea. Kosovoko Gobernuak diskriminatzen dituela adierazi eta autonomia handiagoa eskatu dute. Gobernuak ez du eskaera onartu, “horrek herrialdearen osotasunaren aurka egingo lukeelako”.

NATOk iragarri du beste 700 militar bidaliko dituela, gerraz geroztik Kosovon dituen 3.800 militarrekin batera aritzeko. Europar Batasunak (EB) lau udalerrietako alkateek dimisioa ematea eta berriro hauteskundeak egitea proposatu du. EBk Kosovoko komunitate serbiarrari eta Serbiako Gobernuari eskatu die herritarren parte-hartzea sustatu eta hauteskundeen boikoterako deiak alde batera uzteko. Kosovoko presidente Vjosa Osmanik ziurtatu du prest daudela hauteskunde berriak egiteko, beti ere “legezko prozesu baten ondorio” badira.

Soka luzea

NBEko estatuen erdiak baino gutxiagok aitortu du Kosovoren independentzia; nagusiki AEBen aliatu neoliberalak. Salbu, noski, mugimendu sezesionistak dituzten herrialdeak, tartean Espainia. Kosovo aitortu ez dutenen artean Latinoamerikako, Afrikako eta Asiako herrialdeen gehiengo zabala dago, tartean Errusia, India eta Txina. Horietan ere bada salbuespenik, erlijioaren izenean herrialde musulmanen batek edo bestek aitortu baitu.

Nazioartean ere banaketa nabaria den arren, Mendebaldeko potentziek Kosovorako diseinatutako estatus politikoa mugiezin mantentzen da, eta arazoak sortzen jarraitzen du. Areago, kosovarren gehiengoak Albanian integratu nahi du, baina horretarako ere eskuak mugatuta dituzte. Ez dira gutxi herrialdean bertan diotenak Kosovo neokolonia edo sasiestatua dela. AEBek Europan duten base militarrik handiena ez dago alferrik Kosovon.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA