Agur Tsipras, kaixo eskuin muturra

Axier Lopez
0

Demokrazia Berria eskuindarrak gehiengo osoa lortu du, botoen %40,5 eskuratuta. Atzetik Syriza ageri da %17,8rekin. Kyriakos Mitsotakis liberala izango da berriro Greziako lehen ministro, baina oraingoan inoren babesaren beharrik gabe. Hala ere, bere alderdiak ia 300.000 boto galdu ditu maiatzeko azken hauteskundeekin alderatuta, eta 140.000 2019ko hauteskundeetatik hona. Syrizak 2019ko boto-emaileen ia erdia galdu du: 1,7 milioitik 930.000ra. Abstentzioaren gorakada eta alderdi bozkatuenari saria ematen dion hauteskunde-lege berria funtsezkoak izan dira. Enegarren aldiz historian, eskuina atzera ere irabazle, ezkerreko hautesle askoren desmobilizazio eta desilusioak eraginda.

Hirugarren postuan Pasok dago, “PSOE grekoa”, %11,82rekin, eta ondoren KKE alderdi komunista (%7,69). Bosgarren, seigarren eta zazpigarren postuak eskuin muturreko hiru alderdirenak dira. Mezu eta politika arrazistek, migrazioaren kontrakoek, ultranazionalistek, antikomunistek, fundamentalista kristauek… presentzia nabarmena izango dute berriz ere Greziako Parlamentuan. 2019tik hona, espektro politiko horrek ia bikoiztu egin ditu botoak: 665.000 greziarrek aukeratu dute eskuin muturra, botoen ia %13.

Egunsenti Urrekararen bozeramaile Ilias Kasidiaris neonazia 2020tik preso dago eta 13 urteko espetxe zigorra betetzen ari da.

Espartarrak alderdi neonazia dago buru (%4,63). Kanpaina egin dute Ilias Kasidiaris Egunsenti Urrekarako bozeramaile ohiaren irudiarekin. Egun Kasidiaris kartzelan dago, 2020ko urrian epaitegiek bere alderdia erakunde kriminal izendatu ostean. Horien atzetik, Irtenbide Greziarreko ultranazionalistak daude (%4,44), 2019tik ordezkaritza zutenak parlamentuan. Europan VOXekin partekatzen dute taldea, besteak beste. Eta azkenik, Nikiren fundamentalistak sartu dira, botoen %3,69 eskuratuta.

Ez dira gutxi, besteak beste Alexis Tsipras bera, Mitsotakisi egozten diotenak Parlamentuan eskuin muturra sartzea erraztu izana, gobernuak neonazien agenda politikoa bere gain hartzeagatik, Antonis Samarasek 2012an Egunsenti Urrekararekin egin zuen bezala. Edonola ere, emaitzek argi utzi dute, alderdiak legez kanpo utzi arren, sakoneko arazoa ez dela konpontzen sustraiei heldu ezean.

Ziklo aldaketa, Tsiprasen gorpuztuta

“Syrizarentzat ziklo bat itxi da”, zioen Alexis Tsiprasek hauteskunde gauean. Ordu batzuk geroago iragarri zuen alderdiko buru izateari utziko ziola. Syriza, gaur egun indar zentrista dena, Europako ezkertiarren itxaropen bakanetako bat izan zen. 2015ean krisi ekonomikoak gogor jotzen zuen. Troikak agindutako zerga igoerek eta osasun eta pentsio murrizketek zigortzen zituzten herritarrak. Kalea sutan zen, etengabeko manifestazioen artean. Egoera horretan, Syrizak eta Tsiprasek urtarrileko hauteskundeak irabazi zituzten, bipartidismoaren Demokrazia Berria eta Pasok hondoratuta. Botoen %36 lortu zuten eta, handik gutxira, uztaileko erreferendum historikoan %60tik gora. Orduan greziarrek erabat arbuiatu zituzten Europar Batasunak, Nazioarteko Diru Funtsak eta Europako Banku Zentralak proposatutako erreskatearen baldintzak.

Baina Tsiprasek borroka hori galdu egin zuen. Bere gobernuak troikarekiko konpromisoak berritu zituen. Grezia zigor eredugarria bihurtu zuten, beste inork haren bidea jarrai ez zezan. Hala, Europako erakundeek ezarritako murrizketa eta austeritate neurriak aplikatzen dituen gobernuaren aurpegirik agerikoena izatera pasa zen Tsipras.

Kontraesan hori kolpe latza izan zen, eta ilusioak eta botoak suntsitzeko makina bihurtu zen. 2019an, orduko Europako Batzordeko presidente Jean Claude Junckerrek berak barkamena eskatu zuen Europako Parlamentuan: “Denbora luzeegian zapaldu dugu greziar herriaren duintasuna”. Baina ordurako, aldaketa abian zen, eta Mitsotakisen eskuina Grezian gobernatzera zihoan. Orain berriro egingo du, baina eskuin muturra indartuta.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA