50 urte Allenderen aurkako estatu-kolpetik: orduko inperialismoa, gaurko negazionismoa

Axier Lopez
0

17 urtez, zifra ofizialen arabera, 3.065 desagertu eta hildako eta 40.018 preso eta torturatu eragin zituen diktaduraren hasiera markatu zuen 1973ko irailaren 11k. Eta are okerragoa dena, egun horretatik aurrera Augusto Pinochet Ugarteren gidaritzapean, Txile politika ekonomiko ultraliberalaren laborategi nagusi bihurtu zen: estatua ahalik eta funtzio gutxien betetzera baztertzen duen eredu kapitalista, merkatuari ateak parez pare utzita. Eredu hori mundu osora hedatu zen eta gaur egunera arte indartsu heldu da. Hamarkadotan, gehiengoarentzat inoiz ikusi gabeko pobrezia, desberdintasuna eta prekarietatea eragin ditu munduan barrena.

Lehengo eta oraingo estatu-kolpe gehienetan bezala, “munduko sheriffaren” interesak erabakigarriak izan ziren Txileko militar batzuek haien gobernuaren aurka matxinatzeko. AEBek desklasifikatutako dokumentuek erakutsi dute Salvador Allendek kargua hartu aurretik ere, Richard Nixon presidenteak agindua emana zuela Allendek presidente izatea eragozteko. Mario Amorós historialariak azpimarratzen duenez, Nixonek eta bere Estatu idazkari Henry Kissingerrek Abya Yalako etsai nagusitzat zuten Allenderen bidea, bere proiektu sozialistak arrakasta izanez gero, beste herrialde batzuetara heda zitekeelako, noiz eta “Gerra Hotza” deitu zutenaren erdian.

CIAk partzialki finantzatutako kanpaina sistematikoa abiatu eta hiru urtera, herrialdea ekonomikoki eta politikoki ezegonkortzea lortu eta kolpe militarra erraztuko zuen giroa sortu zuten. Kolpea hasteko seinalea bera ere AEBek eman zuten, irailaren 11n armada estatubatuarraren zenbait gerra-ontzi eta itsaspeko Txileko kostaldera iristearekin batera.

Argazkia: EFE

Pinochet joan zen, baina kapitalaren diktadura geratu
2006an Pinochet aske hil eta ohorez agurtu zuten arren, Txilek lezioa eman dio munduari. Oroimena, justizia eta egiaren alde herri mugimenduek egindako etengabeko presioari esker, diktadurako kriminalak epaitu dituzte –duela aste gutxi, 25 urteko kartzela-zigorra ezarri zieten Víctor Jara hil zuten militarrei–, desagertuak bilatzeko plan instituzionala dauka, herrialde osoan barna memorialak daude…

Baina, 50 urte geroago, diktaduran sortutako botere-egiturek indarrean jarraitzen dute. Espainiako Estatuan bezala, diktadura batetik alderdi politikoetan oinarritutako ordezkaritza-sistema batera pasatzeko prozesuak ez zituen botere-egitura nagusiak ukitu. Faxistek idatzitako konstituzioak indarrean jarraitzen du, enpresa eta familia gutxi batzuek botere ekonomikoa kontrolatzen jarraitzen dute, komunikabide masiboek eskuinaren eta patronalaren menpe darraite…

Ultraeskuina hazten ari den garaiotan, Txileko eskuineko alderdiak aritu dira Pinochet eta Allende maila berean jartzen. Adibide gisa, 2010-2014 eta 2018-2022 urteetan Txileko presidente izandako Sebastián Piñerak adierazi du estatu-kolpearen “erantzukizun nagusia Allenderen gobernuarena da, gutxiengo batek gizarte marxista inposatu nahi izan zuelako”. Borrero faxista biktimaz janzten saiatzea ez da historia bortxatzeko saiakera hutsa, hemen eta orain politika egitea baizik. José Antonio Kast buru duen ultraeskuina haratago doa diskurtso negazionista horretan, eta hurrengo hauteskundeen ostean Txile goberna lezake.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA