Migrazio masiboa Panaman: krisia eta negozioa

Axier Lopez
0
Argazkia: B. Velasco - EPA

Amerikako Estatu Batuetara heltzeko bidean direnentzat Panamako Dariéngo eskualdea da pasabide nagusietako bat. Oihanez eta aintzirez josita dago, Panama hegoaldean Kolonbiarekin egiten duen mugalde hori. Ibilbide arriskutsua izanik ere, aurten bide horretatik 400.000 pertsona baino gehiago pasa dira, inoizko zifrarik altuena, Panamako agintariek zabaldutako datuen arabera. 2022an 248.000 pertsona erregistratu zituzten, eta 2021ean 133.000. Irailean 2.000 pertsona baino gehiago igaro ziren egunero zonalde horretatik.

Krisi humanitario honen erdian, Panamako agintarien erantzuna ez da Europan ezagutzen dugunaren oso bestelakoa: pobrearen aurkako jazarpena. AEBek, Kolonbiak eta Panamak akordioa sinatu zuten apirilean, “pertsonen legez kontrako mugimenduari amaiera emateko”. Irailaren 8an, bere burua “sozialdemokratatzat” duen Laurentino Corizoren gobernu panamarrak “deportazioak eta herritar irregularren kanporatzeak” areagotuko zituela iragarri zuen.

Dariénera iristen diren pertsona gehienak Hego Amerikatik datoz. Gehiengoa Venezuelakoa da (250.000 baino gehiago), 48.000 inguru ekuadortarrak dira eta 13.000 kolonbiarrak, baina 27.000 asiar eta 7.000 afrikar baino gehiago ere erregistratu dituzte. Datu ofizial horien arabera, Dariéngo ibilbidea aurten zeharkatu duten lau pertsonatik bat adingabea da. 2022an, ofizialki, 141 lagun hil ziren ibilbide horretan, baina eragile guztiek onartzen dute egiazko kopurua askoz handiagoa dela. Zonaldearen zailtasunagatik bizitza arriskuan jartzeaz gain, oihan eremu hori zeharkatzen dutenek bortxaketak, erasoak, lapurretak, estortsioak… jasaten dituzte.

Kapitalismoak dena merkantzia bilakatzeko gaitasuna duenez, pertsonen fluxu hori guztia ere negozio eta pagotxa bihurtu da, eta milioika dolar mugitzen ditu. Negozioa ez da Panaman hasten, ordea. “Lehen arazoa zena aukera bihurtu da”, esan dio Fredy Marinek Julie Turkewitz The New York Times-eko kazetariari. Marin txalupa enpresa baten jabea da eta AEBetako bidean diren migratzaileak garraiatzen ditu –40 dolar pertsonako–. Marin, gainera, Kolonbiako Necocli herriko alkategaia da eta migrazioaren “industria oparoa” zainduko duela agindu du. Panamarekiko mugalde horretan eremu zabalak kontrolatzen dituen Clan del Golfo talde paramilitarrak urtean 30 milioi dolar irabazten ditu migrazio-negozioagatik, Kolonbiako presidente Gustavo Petrok adierazi duenez. Horren arabera, migratzaileek 80 dolar inguru ordaindu behar dizkiote talde armatuari pertsona bakoitzeko, Dariénetik igarotzeko baimenaren truke.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA