Genozidioa da, baina lasai

Axier Lopez
0

Nazioarteko Justizia Auzitegiak berretsi egin du Hegoafrikaren akusazioa, Genozidioari buruzko Konbentzioari jarraiki. NBEko Auzitegiak Israeli agindu dio ekintza genozida oro eragozteko eta Gazara elikagaiak, ura, botikak eta bestelako laguntza humanitarioa sartzea bermatzeko. Epaitegiaren esana behin-behinekoa da, baina loteslea eta apelaezina, eta estatu guztiek dagokien neurrian bete behar dute, epaitegiak horretarako mekanismorik ez badu ere.

Epai sendoa da, 17 epaileetatik gehienek bozkatu dute Hegoafrikak eskatzen zituen premiazko neurrien alde. Baina ez du esplizituki agintzen Gazaren aurkako eraso militarra eteteko. Eta horixe da, hain zuzen, Benjamin Netanyahuk ospatu duena, eta gaineratu du “Hamaseko munstroen aurkako gerra bidezkoa” egiten jarraituko dutela, “erabateko garaipena lortu arte”. Hamasek, Sami Abu Zuhri bozeramailearen ahotik, adierazi du Hagako auzitegiaren erabakia aurrerapauso garrantzitsua dela, “okupazioa isolatzen eta Gazako krimenak agerian uzten laguntzen duelako”, eta Israel xedapen horiek betetzera behartzeko eskatu du.

Beraz, Israeli laguntzeko armak eta bestelako materialak hornitzen dituzten estatuek kontu eman beharko lukete nazioartean legez kontrakoak diren gertaeretan parte hartzeagatik. Era berean, Israelgo kolonialismo, apartheid eta okupazio militarraren edozein alderditan parte hartu duten enpresa eta erakunde guztiek entitate sionistarekiko harreman oro eten beharko lukete. Etxetik hasita, adibidez, CAFek eta Andres Arizkorreta presidente sarituak estatu genozidarekin dituzten proiektuak bertan behera utzi beharko lituzkete. Baina hori, beste mundu batean gertatuko litzateke, gizaki ororen bizitza negozioaren gainetik legokeen mundu batean. Ez honetan.

Kontraerasoa

Hilabete honen hasieran Netanyahuk oso argi azaldu zuen gertatuko zena: “Inork ez gaitu geldiaraziko, ez Hagak, ez Gaizkiaren Ardatzak, ez beste inork”. Eta hala, Israelek berehala erreakzionatu du. Errefuxiatu palestinarren sostengurako lan egiten duen Nazio Batuen UNRWA taldearen kontra jo dute Hagako epaia jakin bezain pronto. Zein da argudioa? Israelek erabiltzen dituen maila eta sakontasun berekoa: Nazio Batuen erakunde horretako langile batzuek Hamas babestu dutela diote. Hau da, ostiralean Nazio Batuek diote “genozidioa”, eta larunbatean entitate sionistak dio Nazio Batuetakoak terroristak direla. Ezer berririk ez historian, baina tristeena da Tel Avivek euria behetik gora egiten duela esanda ere, Mendebaldeko mariatxiek denborarik galdu gabe musika jarri diotela gezur sionistari. AEB, Kanada, Australia, Italia, Erresuma Batua, Alemania, Herbehereak, Suitza, Finlandia, Japonia, Austria eta Frantziak eten egin diote finantzazioa UNRWAri. Hagako epaitegiak esandakoari jarraitu beharrean, genoziden hitzari men egin diote. Argigarriago ezin.

Sarritan erakutsi digu supremazismo israeldarrak Daviden izarraren puntan jartzen zaiona egin dezakeela inolako ondorio errealik jasan gabe, baina azken hilabeteotan marka guztiak hautsi ditu. Nazioarteko legalitatea, Giza Eskubideen Nazioarteko Ituna buru, paper bustia dela berretsi dute, baldin eta legearen urratzailea Mendebaldekoa edo haren laguna bada.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA