Aldaketa eta berrespenez betetako astea izan da. Gehienak, tamalez, neoliberalismoa, autoritarismoa, teokrazia eta inperialismoa sendotzeko izan dira.
Atzerakoiak nagusi Europan
Zortzi urtez boterean izan den Portugalgo alderdi sozialistak gehiengo osoa galtzeaz gain, bere ezkerrera dauden alderdiak, Bloco eta PCP, amildu egin dira hauteskundeetan, eta hala, ezkerreko indarren akordio berri baterako aukera guztiak desagertu dira. Eskuinak irabazi du, eta inbestidura bilatuko du Chega eskuin muturra makulu hartuta. Neofaxismoa hirugarren indarra da, bost portugaldarretik batek eman baitio botoa.
Irlandako Errepublikan herritarren gehiengoak bizkarra eman dio demokristauen, zentristen eta berdeen koalizioari, eta erreferendumean errefusatu egin du Konstituzioa aldatzeko proposamena. Emakumeak gizartean duen rolari buruzko erreferentzia sexista eta zaharkituak ezabatzeko eta ezkontzan oinarritutako familiaren kontzeptutik haratago joateko aukerari atea itxi diote.
Suedian ez da hauteskunderik izan, baina gobernuak herrialdean aspaldiko erabaki garrantzitsuenetakoa gauzatu du. Bi mende baino gehiagoko neutraltasunaren ondoren, Suedia NATOko kide bihurtu da ofizialki martxoaren 8an. Aldaketa historiko hori imajinaezina izan da Errusiak Ukraina inbaditu zuen arte.
Geopolitika inperialean aldaketarik ez
Vladimir Putinek XXI. mende osoa darama Errusiako agintaritzan, eta datorren asteburuko hauteskundeetan beste sei urtez berrituko du agintaldia. Ezarri duen eredu autoritarioa oso errotuta dago herrialdean, eta inork ez du espero aldaketarik izatea. Ez dirudi kalterik sortuko diotenik bozetan ustez azkarra izango zen gerra batean bi urte baino gehiago murgilduta egoteak, ezta berriki barne oposizioaren aurpegi nabarmenetako bat, Aleksei Navalni neoliberala, urrutiko espetxe batean sakabanatuta hil izanak ere.
Errusiako aliatu nagusietako batean, Iranen, ultrakontserbadoreak legebiltzarrerako hauteskundeetako irabazleak izan dira. Oposizioak gogor kritikatu du emaitza eta boikotera deitu du, hautagai asko deskalifikatuak izan ondoren. Edonola ere, parte-hartzea %41ekoa baino ez da izan. Errepublika Islamikoan izan den baxuena.
Errusia eta Iran lotzen ditu, nagusiki, AEBen mundu mailako hegemoniaren aurkakotasunak. Bloke horiek zenbait proxy gerratan murgilduta diren bitartean, inperioaren metropolian hauteskunde karrerarekin jarraitzen dute. Trumpek eta Bidenek “superasteartean” —hauteskunde primarioetan estatu gehien biltzen dituen eguna— arrakasta handia izan dute. Horrek bidea erraztu du azaroko presidentetzarako hauteskundeetan herritarrek aukeratu behar izan dezaten, beste behin ere, biren artean: burutik jotako sexu-abusatzaile izugarri aberatsa ala genozida senila.