Haiti Mad Max

Axier Lopez
0
AFP

Haitiko lehen ministroak dimisioa eman du talde armatuen eta Haitiko armadaren eta Poliziaren arteko liskarren ondorioz. Gobernuaren aurkako talde armatu horiek herrialdeko zenbait zonalderen kontrola bereganatu dute. Ariel Henryk 2021ean hartu zuen kargua. AEBen babesa zuen Jovenel Moïse presidente ultraneoliberal eta ultrakontserbadoreak izendatu zuen haren ondorengo, hain justu Kolonbiako paramilitar talde batek Moïse hil baino bi egun lehenago. Henryk Puerto Ricotik eman du dimisioaren berri, eta gehitu du trantsizio kontseilua sortuko dela hauteskunde berriak bideratzeko.

Unicefeko zuzendari exekutibo Catherine Russellek esan du Haitiko egoera hamarkadetan ikusi den egoerarik okerrena dela. “Mad Max-en eszena bat da ia”, adierazi du 1979ko filma gogora ekarrita, zeinak indarkeria, eskasia eta estatuaren erabateko gabezia nagusi ziren gizarte distopikoa deskribatzen zuen.

Baina Haiti ez da fikziozko filma. Egungo egoera dramatikoak arrazoi oso errealak ditu, eta, batez ere, interes lurtarrak. “‘Talde armatuen biolentzia’ deiturikoa ez da egiazko arazo nagusia, funtsezko arazoa nazioarteko komunitatearen etengabeko interferentzian datza, zehazkiago, AEB, Frantzia eta Kanadarena”, dio Vancouverreko Columbia Britainiarreko Unibertsitateko irakasle eta aktibista dekolonial Jemima Pierrek.

Ralph Tedy Erol – Reuters

Haitin ez da hauteskunderik egin 2016tik, baina azken hauteskunde gardenak 1990eko presidentetzarako hauteskundeak izan ziren, Jean-Bertrand Aristide apaiz salestarra boterera eraman zutenak. Krisi eta estatu kolpe batzuen ondoren, 2004an AEBek, Frantziak eta Kanadak bat egin eta Aristideren aurkako behin betiko kolpea babestu zuten. AEBetako Itsas Armadako soldatuek hegazkin batera igo zuten Aristide, bere segurtasunaz arduratzen ziren funtzionarioekin, emaztearekin eta laguntzaile batekin batera, eta Afrika Erdiko Errepublikara eraman zuten.

Haitik hemisferio osoko indize sozioekonomiko kaskarrenetako batzuei lotutako egitura-arazoak ditu: pobrezia, desberdintasunak, gosea, elikadura-segurtasun eza, prekarietatea, landa-exodoa eta gazteen exodoa. Amerikan eta munduan barrena sakabanatutako diaspora handi bat eragin dute, besteak beste. Munduko lehen “errepublika beltza” jaio zenetik, Mendebaldeko potentzia kolonialen txotxongilo izan da, eta, hain zuzen ere, ustelkeria sistematiko horrek galarazten du irtenbide iraunkor posible oro.

Herrialdearen azken krisi handian, 2022ko irailaren amaieran, Haitiko 42 erakundek gutun irekia bidali zioten NBEko idazkari nagusiari eta, ondokoa esan zioten: “Zuk eta haitiarren borondatearen aurka zaudeten nazioarteko gainerako eragileek kosta ahala kosta lagundu nahi duzuen Ariel Henryk uko egin behar dio aginteari, ezinbestean. Gogoan izan beharko zenuke NBEk azken hemezortzi urteetan (2004-2022) Haitin egindako misioek porrot ukaezina izan dutela. Egoera hobetzen lagundu beharrean, egoera okertu zuten guztiek”. Bi urte pasa dira eta orduan esandakoa berretsi da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA