Gerra gehiago, hipokrisia handiagoa

Axier Lopez
3
Israelgo Burdinezko Kupula defentsa sistemak Irango drone gehienak geldiarazi ditu.

Iranek iragarri zuen erantzun egingo ziola apirilaren 1ean Damaskoko bere kontsulatuaren aurka Israelek egindako erasoari. Hamahiru pertsona hil zituzten sionistek, tartean Irango Guardia Iraultzaileko zazpi kide, horietako bi maila goreneko bi komandante ziren.

Israelgo indarrek publikoki onartu dute azken urteotan Sirian “ehunka eraso” burutu dituztela, Iranekin lotutako helburuen aurka zein Irango Guardia Iraultzaileak ustez finantzatutako edota entrenatutako talde armatuen kontra. Baina Damaskoko erasoaren ostean, Gazako genozidio betean, gainezka egin du edalontziak. Nahiz eta nazioarteko zuzenbidearen –baldin eta hori existitzen bada– urraketa argia izan eta horrelako eraso bat Mendebaldeko beste edozein herrialderentzat gerra deklaratzea litzatekeen, Iran prest agertu zen erantzun armatuari uko egiteko Gazan su-etena ematearen truke. AEBek, Frantziak eta Britainia Handiak, besteak beste, halakorik ez gertatzeaz arduratu ziren.

Eta horregatik, larunbatean Israelekin lotutako garraio itsasontzi bat atzeman zuen Pertsiar Golkoan, eta bere kontrolpeko uretara eraman zuen. Eta ordu batzuk geroago, Errepublika Islamikoak, lehen aldiz historian, entitate sionistari egin zion eraso. Israelek okupatutako lurraldetara ehunka misil eta drone jaurti zituzten Irandik eta Irakeko eta Yemengo zenbait basetatik. Aparatu gehienak neutralizatu zituzten, ordea. Ez da biktimarik izan, kalte materialak base militar batean, besterik ez.

Izan ere, ez da ustekabeko erasoa izan. Dena kalkulatua dirudi. Kazetari askok azpimarratzen dutenez, Iranek eszenifikazio kontrolatua bilatu du, eta horregatik eman zion erasoaren abisua Jordaniari. Jordania, Israelen atzetik, Mendebaldeko inperialismoaren zipaiorik handiena da zonaldean, eta, jakina, beren nagusiari eman zion erasoaren berri. Horri esker, AEBek baliabide asko zabaldu ahal izan dituzte eta Israel, Erresuma Batua eta Jordaniarekin ondo koordinatu. Beste batzuek, Frantziak kasu, laguntza teknikoa eman diete sionistei radarren bitartez.

Gisa horretan, Iranek mendeku ahotsak baretu ditzake, baina kalte handirik eragin gabe, eta sionisten erantzuna hain bortitza izango ez delakoan. Ekuazioa, bide batez esanda, arriskutsu xamarra da, erregimen sionistaren buru nor dagoen jakinda. Teheranek “afera amaitutzat” eman du eraso honekin.

Netanyahuren erregimena erasoa baliatzen ari da Gazako genozidioaren arreta desbideratzeko eta Mendebaldeko aliatuen babesa indartzeko; are gehiago AEBetan hauteskundeetan murgilduta egonik eta Alderdi Demokrataren barnean dirua eta armak Israelera masiboki bidaltzeari uzteko deiak gero eta ugariagoak izanik. Netanyahurentzat gerraren maila igotzea eta hedatzea da itxaropen bakarra bere arazo politiko eta legalak gainditzeko.

Ekintza bera, erantzun bestelakoa
Iranen ekintzaren aurkako gaitzespenak herrialde askotatik iritsi dira. Baina Israelek Damaskon egindako erasoaren aurrean adierazi zirenak baino askoz ugariagoak eta irmoagoak dira. Izan ere, kritikek eta kondenek ez dute zerikusirik moralarekin, etikarekin edo bakezaletasunarekin: droneen jabearen araberakoak dira. Iranen erasoaren ostean, Tel Avivek publikoki ospatu du “mundua Israelekin egotea eta gure burua defendatzeko eskubidea babestea”. Hau da, sionisten zigorgabetasunak bere horretan jarraitzen du.

Palestinako genozidioak gauza bat utzi du argi: hemen zeinek agintzen duen. Nazioarteko Komunitatea deritzonak, NBE buru, ez du zer esanik, ez du ezertxo ere agintzen. XXI. mendean su motelean genozidioa egin daiteke eta zuzenean transmititu. Horretarako baldintza bakarra da herrialde baten babesa izatea: AEBak. Inperialismoa horrelakoa da. Erraza bezain krudela

3 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA