Errefuxiatuen eta bortxaz tokialdatutakoen kopuruak gora egiten jarraitzen du, galgarik gabe. Aurtengo lehen lau hilabeteetan, 117,3 milioi pertsona dira, ACNUR-en urteko txostenaren arabera. Zenbaketak daudenetik inoizko altuena da. Iheslarientzako NBEren erakundeak azpimarratu du zifra horiek lotura zuzena dutela jazarpenekin, gatazkekin, indarkeriarekin eta giza eskubideen urraketekin, baita azken aldiko gerren intentsitatea handitu izanarekin ere. Azpimarra berezia jarri dute Ukrainan, Gazan eta 2023ko apirilean piztu zen Sudango gerra zibilean, ahaztu barik aspalditik egoera gordina sufritzen ari diren Kongoko Errepublika Demokratikoa, Myanmar, Afganistan edota Siria. 8,8 milioi pertsona gehiagok bizitokia utzi behar izan du 2022ko amaieran baino. 2012tik hona kopuru hori hazi besterik ez da egin. Maila globalean migratutako pertsona guztiek herrialde bat osatuko balute, gutxi gorabehera Japoniaren tamainakoa izango litzateke gaur egun, munduko 12. herrialderik populatuena.
ACNUR-en txostenak oso datu argigarria dakar Euskal Herriko eta Europako gainerako gizarteentzat. Neofaxismoa goraka dugu, gurera bizitza hobearen bila etortzen diren pertsonen aurkako mezua oinarri hartuta. Masiboa dela diote, beldurra hedatu nahian. Bada, ACNUR-en txostenaren arabera, errefuxiatuen eta nazioarteko babesa behar duten pertsonen %75 errenta baxu eta ertaineko herrialdeetan jasotzen ari dira. Hau da, iragan komuna partekatzen duten herrialdeetan, gehien-gehienak Europako kolonia izandakoak. Gainera, errefuxiatuen %69k inguruko herrialdeetara jotzen du, bai urrunago joateko gaitasun ekonomikorik ez dutelako, bai etorkizun hurbilean berriz etxera itzultzeko itxaropena dutelako.
2023an, errefuxiatu guztien %73 bost herrialdetakoak ziren: Afganistan, Siria, Venezuela, Ukraina eta Sudan. Mendebalde kapitalistak zuzenean esku hartu du bost herrialde horietako egoera politiko eta ekonomikoan, baita indarkeriaren bidez ere.
Bien bitartean G7-n…
G7ko liderrek –Kanadak, Frantziak, Alemaniak, Italiak, Japoniak, Erresuma Batuak eta AEBek osatutako taldea, baita de facto kide den Europar Batasunak ere– gailurra egin dute Suitzan. Iragarri duten lehen erabakia izan da Ukrainara 46.000 milioi euro inguru bideratzea, Errusiari Europan lapurtutako aktiboek sortutako interesetatik datozenak. Hau da, armagintzarako eta gerrarako diru gehiago bidaliko dute, errefuxiatu are gehiago sor daitezen. “Garrantzitsuena da ulertzea Ukrainan bakea lortzeko bidea nazioarteko zuzenbidean eta, bereziki, Nazio Batuen Gutunean oinarrituta egin behar dela”, adierazi dute ohar batean zazpi buruzagi kapitalistek. Hau da, “bakea lortzeko” armagintzarako gastua handitzearekin batera Ukrainako gerra krudel eta bidegabea are gehiago piztea erabaki dute. Horretarako “nazioarteko zuzenbidearen” izenean mintzo dira, G7koek Ekialde Hurbilean duten bazkide nagusia iazko urritik Gazan egiten ari den genozidioa justifikatzeko urratu duten araudi bera. Nazioarteko Diru Funtsaren Zuzendari Orokor ohi Rodrigo Ratok esango zukeen moduan, “hau ez da arpilatzea, hau merkatua da, lagun”.