Turismoaren norabidea alda

Axier Lopez
2

Turismo masibo gisa ezagutzen dugunaren ondorio batzuk pairatzen hasiak gara Euskal Herriko zenbait tokitan. Fokua zabalduta, Europako hegoaldeak jarraitzen du izaten iparralde aberatsaren atseden eta desfaserako tokia. Herrialde Katalanetan ondo dakite horrek zer dakarren, batez ere haien uharteetan. Mallorcan biztanleen gehiengoa bilakatu da iparralde globaleko aberatsen zerbitzari prekario. Euskal herritarrok ere zerbait badakigu horretaz, gurean oso preziatua den helmuga baitira Balearrak.

1920 eta 1930eko hamarkadetan, Balear Uharteak erakargarri paratzen hasi ziren Europako eliteen bidaietarako. Hala ere, mugarria 1950eko hamarkadatik aurrera gertatu zen: erregimen frankistaren ekonomia politikoaren proiektu nagusietakoa izan zen, eta uharteen etorkizuna baldintzatu zuen goitik behera. Artxipelagoa aukeratu zuten baliabide naturalen ustiapenean eta eskulan merkean oinarritutako kapitalismo mota hori garatzeko. Haren ondorioz, “eguzkia eta hondartza” eta “dena barne” ikur zituen monolaborantza turistikoa eratu zen. Haren garapenetik etorri dira orain irlara joateko ezagun diren “arrazoiak”: auto bat alokatu eta leku xarmagarri berrien bila joatea, meditazio-erretiroak edo Tramuntana mundu osoko txirrindularientzako entrenamendu-leku bihurtzea, adibidez. Hotelen barruan zegoena, irlaren azken txokoraino hedatzen joan da urteen poderioz.

Eredu horren aurkako kritikak gero eta zorrotzagoak dira, baina klase politikoa arreta desbideratzen saiatu da, “mozkorraldirako turismoa” kritikatu eta “kalitatezko turismoaren” alde eginez. Laburrean esanda, langile-klaseko turista deabrua da, eta erosteko ahalmena duen turista ongizatearen sinonimo, nahiz eta errealitatean lurraldean eta biztanleen egunerokoan askoz eragin negatiboak izan turista burgesaren jardunak. Turismo klasistaren ondorioz, higiezinen agentziei eta atzerriko partikularrei lurra saltzeko dinamika eroan sartu dira Balearrak. Mallorcan inbertitzaile askok bloke osoak bereganatu ditu, luxuzko etxebizitza bihurtzeko, eta Palmako auzo osoak gentrifikatu dituzte horrela. Etxebizitzen prezioak ezinezkoak dira soldaten batez bestekoa jasotzen duten herritarrentzat; areago, soldata horiek turismoaren mende daudelarik. Balio txikiagoko zonaldeetara kanporatzen ari dira langileak, baina espekulazio-gurpila inoiz gelditzen ez denez, iritsi da unea nora joan ez dagoena. Eta askorentzat aukera bakarra emigratzea da, beren etxetik alde egitea.

Egoera makurraren aitzinean, asteburuan Mallorcako milaka herritarrek –50.000 inguru, antolatzaileen arabera– hiriburuko kaleak hartu dituzte euren bizimoduaren turistifikazioaren kontra. “Mallorca ez dago salgai”, “Alda dezagun norabidea”, “Turismo-monolaborantza gelditu” edo “Zure luxua, gure miseria” dira zabaldu dituzten leloetako batzuk.

Urtetik urtera errekor turistikoak gainditu ondoren, nahikoa dela esan dute. Etengabeko hazkundearen zurrunbilo zoroari amaiera eman nahi diote, eta uhartera doazen turisten kopurua mugatzeko neurri zehatzak eskatu, baita bertako biztanleen bizi-baldintzak hobetzeko ere. Dena ez dago galduta.

2 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA