Ikasturte berrian ere, gerra ate joka

Axier Lopez
0

Udan ohikoa izaten da albiste asko opor garaien etenak estaltzea. Eta egia esan, estalita baleude, kasik hobe. Gerra hotsen doinuak jarraitzen baitu dantzan jartzen kontinente zaharra.

Ukrainako gerraren izenean, AEBek misil nuklearrak ezarri nahi dituzte Alemanian. Ekialdeari begira, prefosta. Lehen aldia litzateke 1990eko hamarkadatik hona. Orduan asmo horrek bakearen aldeko mugimendu handi batekin egin zuen topo, nagusiki Alemanian bertan, ekialdean zein mendebaldean. Orain ordea, isiltasuna eta onarpena dira nagusi. Europako alderdi sozialdemokrata nagusiak, Olaf Scholzen SPD alderdiak, dio “beharrezko urratsa” dela AEBetako arma nuklearrak ezartzea bere etxean. Bere gobernuko kideak ere, Berdeak eta FDPko liberalak eta oposizioko alderdi handiena CDUko kristau-demokratak berdin mintzo dira. Herritarren gehiengoari batere graziarik egiten ez badio ere, kontrako manifestazio jendetsurik ez da antolatu. Anartean, AfD ultraeskuindarrak hauteskundeak irabazi ditu Turingia eskualdean. Eta hala, Rafael Poch kazetariak ondo azpimarratu duenez, Europan jendea atxilotzen eta kriminalizatzen ari dira Palestinako bandera erakusteagatik, Gerra Hotzaren moduko krisi nuklearraren arriskuak bidea lasai ederrean egiten duen bitartean.

Bizkitartean, Ukrainan biztanleriaren herena eta lurraldearen bostena galdu dituzte. Errusiako mailu militarrak astiro baina gogor jotzen jarraitzen du, Donbaseko fronte zabalean apurka-apurka aurrera eginda. Pochek jaso duenez, Mendebaldeko eta Errusiako aditu militar askok uste du abuztuaren hasieran Errusiako Kursk eskualdean Ukrainak abiatutako erasoa “inolako zentzu militarrik gabeko efektu kolpea” dela, eta ziurrenik haren amaiera “hondamendia” izango dela. Hala, baliteke erasoaren zentzua Europar Batasunak eta AEBek ezarritako ildo bakarrarekin bat ez datozen zenbait herrialde (Hungaria eta Eslovakia, kasu) errusiar energiaz elikatzen dituzten gasbideak lehertzea izatea. Edonola ere, argi dago itxurazko indar-erakustaldia izan dela, Mendebaldeak gerra makineria elikatzen eta finantzatzen jarraitzeko argudioak izaten jarrai ditzan. Inoiz halakorik behar izan badu, bederen.

Gerraren mantra bakarrak funtsezko beste kontu batzuk estaltzen jarraitzen du Ukrainan. Parlamentuak Eliza Ortodoxoa legez kanpo uzteko legea bideratu du. Milaka eta milaka ukrainar jarraitzaile baditu ere, Elizaren botere-gune nagusietakoa Moskun denez… tokirik ez Ukraina “berrian”. Katolikoen Aita Santuak berak ere salatu du enegarren ilegalizazio hori. Ez baita lehena, Zelenskyren gobernuak Ukrainako hainbat alderdi eta elkarte aurretik eraman ditu eta.

Edonola ere, gerrak beste ezeren gainetik jendea behar du eta, Mendebaldeko komunikabide ia guztietan propaganda belikoa nagusi den arren, intsumisio aktiboa oso bizirik dago Ukrainan. Armadara batzeko adinean dauden 800.000 ukrainar “klandestinitatera pasatu dira, etxez aldatu dira eta beltzean egiten dute lan, erregistratuak ez izateko eta armadaren deia saihesteko, The Financial Times egunkariak zabaldu duenez.

Gauzak horrela, bide guztiek gerrara daramate oraindik, negoziazioa are bazterrerago utzita. Europako diplomaziaren buru Josep Borrell sozialistak gatazka “gudu-zelaian konponduko dela” esaten jarraitzen du, eta, areago, Mendebaldearen irismen luzeko misilak Errusiaren aurka erabiltzea defendatu du. Baina are tristeagoa da ikustea Europako agintarien artean irtenbide diplomatiko baten alde egiten duen bakarra ultraeskuindar homofobo bat izatea: Victor Orbán lehen ministro hungariarra.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA