25 herrialdetan agintzen ari dira emakumeak

Axier Lopez
0
Claudia Sheinbaumek presidente kargua hartu du urriaren 1ean. Argazkia: AFP

Munduko estatuetako agintaritzetan dauden emakumeen inguruan Nazio Batuen Erakundeak zabaldutako datuak aletu ditu IPS hedabideak, pasa den astean Mexikon bere lehen presidente emakumezkoak, Claudia Sheinbaum ezkertiarrak, agintari makila hartu duela baliatuta. Gero eta emakume gehiagok du presidente edo estatuburu ardura, baina orotara kopuruak marjinala izaten jarraitzen du.

Herrialde-kide eta behatzaileen artean, NBEk 195 estatu aintzat hartzen ditu munduan, Palestina barne. Bada, horietatik 25ek bakarrik dute emakume bat botere instituzionalaren lehen lerroan. 112 herrialdetan inoiz ez dute emakume bat izan agintaritza politikoan.

Europan, Bosnia eta Herzegovinan, Danimarkan, Eslovenian, Estonian, Grezian, Italian, Letonian, Lituanian, Maltan, Ipar Mazedonian eta Moldavian emakumeak daude presidente edo lehen ministro karguetan, eta Ursula von der Leyen muturreko eskuindarra da Europar Batasuneko Batzordeko presidentea.

Ameriketan, Xiomara Castro Hondurasen, Dina Boluarte Perun eta Claudia Sheinbaum Mexikon. Sylvanie Burton (Dominika) eta Christine Kangaloo (Trinidad eta Tobago) presidenteak dira, baina botere exekutiboa lehen ministro gizonezkoen esku dago. Barbadosen, bi ardurak emakumezkoek betetzen dituzte: Sandra Mason da presidentea eta Mia Amor Motley lehen ministroa.Afrikan, Etiopian, Tanzanian, Togon eta Kongoko Errepublika Demokratikoan emakumeak dituzte estatuburu edo gobernuburu, eta Asia eta Ozeanian, Indian, Marshall uharteetan eta Samoan.

NBEren datuen arabera, munduko parlamentu-eserlekuen %26,9 baino ez dute betetzen emakumeek, 1995ean %11 pasatxo ziren ordea. Ministerio-postuen kasuan, %23 emakumeena da, eta 141 herrialdetan ministroen herena baino gutxiago dira. Zazpi herrialdek ez dute emakumerik beren kabinete exekutiboetan.

Arloka begiratuta, emakumeen presentzia handiena duten bost ministerioak honako hauek dira: Emakumea eta genero-berdintasuna, familia eta haurrak, gizarteratzea eta garapena, gizarte-babesa eta gizarte-segurantza, eta indigenen gaiak eta gutxiengoak. Aitzitik, Ekonomia, Defentsa, Justizia eta Barne Arazoak, ia erabat gizonen mende daude oraindik.

Hego eta Erdialdeko Amerika eta Karibeko parlamentu-eserlekuen %36 emakumeenak dira, Europan eta Ipar Amerikan %33, Saharaz hegoaldeko Afrikan %27 dira, Asia ekialdean eta hego-ekialdean %23, Ozeanian %20, Asia erdialdean eta hegoaldean %19, eta Afrika iparraldean eta Asia mendebaldean %18. Soilik sei herrialdek dute emakumeen erdia edo gehiago ganberetan edo ganbera bakarreko parlamentuetan: Ruanda (%61), Kuba (%56), Nikaragua (%54), Andorra (%50), Mexiko (%50), Zeelanda Berria (%50) eta Arabiar Emirerri Batuak (%50).

2024ko maiatzeko datuen arabera, emakumeek ordezkari iraunkorren postuen %25 betetzen dute NBEren New Yorkeko egoitzan, eta %35 dira Suitzako Genevakoan.

Gaia Euskal Herrira ekarrita, Jaurlaritzan inoiz ez da emakumerik izan lehendakari postuan. Nafarroan bai, Yolanda Barcina eskuindarra izan zen lehena 2011n. Eta haren ostean Geroa Baiko Uxue Barkosek eta egungo lehendakari PSNko María Chivitek hartu dute aginte makila. Ipar euskal Herriko Hirigune Elkargoak bizitza laburra du, 2016an eratu baitzen, eta ordutik gizon bakarra izan du presidente, Jean-René Etchegaray. Elixabete Etxanobe eta Eider Mendoza jeltzaleak izan dira EAEko Foru Aldundietan lehen bi emakumeak Ahaldun Nagusiaren ardura hartu dutenak, 2023an. Araban 1476tik dozenaka ahaldun nagusi izan dira, eta oraindik ez da emakume bakar bat ere postu horretan izan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA