Aurtengo Ekonomiako Nobel Saria AEBetako Massachusettseko Teknologia Institutuko Daron Acemoglu eta Simon Johnson eta Chicagoko Unibertsitateko James Robinsoni eman diete. Erakunde publikoen kalitateak oparotasun ekonomikoan duen eraginaren kausazko frogak aurkezteagatik irabazi dute saria.
Hiru akademikoen lanean aztertu dute hainbat estatutako erakunde publikoek izan duten garapena, eta haien ondorio argienetako bat honako hau izan da: egungo oparotasun ekonomikoaren maila XIV. mendean kolonialismo europarraren hasieran izandako bizi-baldintzei lotuta dagoela. Beren hipotesiaren arabera, urrunetik heldutako kolonoentzat lurraldea zenbat eta aberatsago eta bizitzeko desegokiagoa izan, orduan eta interes handiagoa zuten potentzia kolonialek hango aberastasunak modu basatian lapurtzeko eta arpilatzeko, eta, horretarako, demokratikotzat har genitzakeen sistema edo neurri oro baztertzen zuten erakundeak inposatu zituzten. Hau da, erakundeak eraiki zituzten han bizi ziren pertsonak kontuan hartu gabe. Horren ondorioz, kalitate eskaseko erakundeak sortu ziren garai kolonialean, eta independentzia politikoa lortu zutenean ere, eredu horrek indarrean jarraitu zuen, kolonia ohi horietan gaur egun oro har dagoen egoera ekonomiko txarraren aurrekari. Horren guztiaren arrazoia da – eta hori da nobel saridunek jorratu duten beste esparru bat– erakunde publikoek beren iraunkortasuna bermatzeko baldintzak ziklikoki sortzen dituztela.
Aldiz, azpimarratu dutenez, leku bizigarrienetan eta gutxien garatutakoetan, ez zituzten baliabideak masiboki lapurtu, finkatu egin ziren eta aberastasuna sortzen saiatu ziren. Hala, han bizitzen geratu zirenen mesedera egokitutako erakunde demokratikoagoak ezarri zituzten, berekoikeriaz jakina.
Ikertzaileek datu historikoei erreparatu diete. Adibidez, Europako potentzia kolonialen “inbertsio handi bat” izan zela ondorioztatu dute XVI. mende hasieran urbanizatuenak eta dentsitate handienekoak ziren tokietan, eta horiek 1995. urtean pobreenak bihurtu ziren.
Erakundeen sustrai kolonialak aztertzea egungo mundu asimetrikoaren kausak eta ondorioak argitzeko baliagarria da. Kolonialismoak ez du formalki indarrean jarraitzen, baina bai haren funtsa: gutxiengoaren interesen mesederako garapen ekonomiko, politiko eta kulturala, gehiengoa bizi-baldintza okerragoetara kondenatzen jarraitzen duena, jatorria eta larruazalaren kolorearen arabera.