Jende askori ulertezina zaio Bolivian gertatzen ari dena. Eta ez da harritzekoa, nahiz eta munduan barrena ezkerrak zinez saiatzen ari diren ohiko tradizioari eusten: barne mailako borroka eta zatiketa endemikoak ugaltzea.
Eskuinaren estatu kolpe batek eraman zuen boliviarrek demokratikoki hautatutako presidentea atzerrira, 2019ko azaroan. Kolpistek Gobernu Etxea okupatu zuten Biblia eskuan eta whipalak erre bitartean. Buenos Airesen erbesteratu zen Evo Morales eta handik izendatu zuen Luis Arce bere ordezko gisa, hamaika urtez bere Ekonomia ministro izan zena. Urtebete ingurura Moralesen eta Arceren alderdia itzuli zen agintera, berriz ere herritarren gehiengoaren bultzadari esker (bozen %55arekin). Baina bi buruzagiren arteko urruntzea lehen minututik geratu zen argi. Presidente gisa eman zuen lehen hitzaldian, Arcek ez zuen Morales aipatu ere egin, eta gobernu-talde berrian Evoren ministro ohiei oso leku marginala eman zien.
Moralesek 2025erako presidentetzarako hautagaitza iragarri eta Arcerekiko desadostasunak publiko egitearekin batera egin zen ofizial haustura. Ordutik sektore bakoitzak kongresu propioak egiten ditu eta Legebiltzarrean banatuta aritzen dira. Eta jakina, batak besteari leporatzen dio “eskuinari mesede egitea”. Urriaren 27an, Evo Moralesek salatu zuen bera hiltzen saiatu zirela. Indar ofizialistek, aldiz, diote autoatentatua izan zela.
Bolivia errepide blokeoz josita dago, 20 egun baino gehiago irauten ari direnak. Ekintza horien bitartez Morales presidentegai gisa aurkeztu ahal izatea eskatzen ari dira, besteak bete. Moralesek bere aldetik gose greba abiatu zuen larunbatean. Gobernuak 66 protestariri “terrorismoa” leporatu die. Horrez gain, sexu-delitu bategatik epaiketa izango du Moralesek, eta orain arte ez du horri buruzko iritzirik eman nahi izan jendaurrean, bere irudia areago kaltetuta.
Estatuko boterearen makineria guztiari ia bakardadean aurre egitea erabaki du Moralesek, justizia eta komunikabide gehienak kontra dituelarik. Eskuinaz gain, bera oso ondo ezagutzen duen jendea du aurrean, kide ohiak, eta frogatu denez, ondo dakite berari non egin min. Hiru agintalditan bi liderrekin batera aritu den Álvaro García Linera presidenteorde ohia barne lehiatik urrun dago, eta bitartekari izaten saiatu da. Alferrik. “Borroka oso berekoi eta zekentzat” jo du botere dema.
MAS alderdia barnetik mutilatzen den bitartean, eskuindarrak pozarren daude espektakuluari begira. Boliviako sektore neoliberalentzat MASen ez dago sektore on edo txarrik, guztiak dira borrokatu beharreko etsaia, eta haien barne-borroka oso albiste ona da, MASen amaiera iragartzen baitu.
Krisi ekonomikoak kolpeka jarraitzen du. Gasolina lortzeko ilara luzeak daude, eta langabeziarekin batera prezioek ere igotzen jarraitzen dute. Hala, 2025eko abuztuko hauteskundeen ostean Boliviako ezkerrak berriro gobernatzeko aukerak gero eta txikiagoak dira. Abya Yalako “ziklo aurrerakoia” deiturikoak eman zuen ikurrik handienetakoa –herritarren babes, egonkortasun ekonomiko eta sendotasun politiko aldetik– bere burua suntsitzeko bidean da, Bolsonaro edo Milei modukorik tartean izan gabe.