Al-Assad familia agintean izan da 1971tik. Aurrena aita eta 2000tik aurrera Baxar semea izan dira presidente. Ordutik Ekialde Hurbilean ziklikoki errepikatzen diren askotariko egoera trumoitsuak gainditu dituzte. 2011n sarraski odoltsu betean sartu zen herrialdea, eta orain egoera “egonkorragoa” zela –horrelakorik inoiz izan bada– irudikatzen zenean, gehienen harridurarako, hamahiru eguneko oldarraldia nahikoa izan da Baxar Al-Assad boteretik erauzteko.
“Errebeldeek hartu dute boterea” adierazi dute NATOren interes geopolitikoekin lerrokaturiko Mendebaldeko hedabide handiek. “Errebelde” horien buru Hayat Tahrir al-Sham (HTS, Sortaldea Askatzeko Erakundea) muturreko talde armatu islamista sunita dago. Al-Qaedak Sirian zuen adar hori talde terroristatzat izendatu dute NBEk, AEBek edota Europar Batasunak berak. Ondo armatutako taldea da, eta gerrarako puntako bitartekoen jabe izatea askorentzat Turkia zein Qatarren babesaren adierazle da. Haren buru Abu Mohamed al-Julani dago. Orain islamista moderatu gisa saldu du bere burua.
HTS ez da Assaden erorketan parte hartu duen eragile bakarra. Siria iparraldeko erasoaldian parte hartu du Siriako Armada Nazionalak (SNA, ingelesezko sigletan), turkmeniarrek osatua –Siriako etnietako bat, eta Damaskoko hegoaldetik erasoa jo duten taldeek ez dute loturarik HTS eta SNArekin. Haien arteko batasun bakarra Assad botatzea zen.
Ohi legez, gobernuaren erorketaren ostean inguruko indarren jarrerari begiratzea ariketa ona izaten da interesak argitzeko. Estatu sionista genozidak hobekien egiten dakiena egin du Assaden erorketa izan bezain fite. Batetik, Israelek 100 leku inguru bonbardatu ditu Siria hegoaldean eta bestetik, aurretik inbaditua zuten Siriako Golango Gainetan lur gehiago okupatu dituzte, Iranek eta Hezbollahk euskarri handi bat galdu izana ospatzearekin batera. Baina, orotan, garaile Turkia agertu da.
Kurduak jo-puntuan
Inork gutxi jartzen du zalantzatan SNAren miliziek Turkiaren aginduak betetzen dituztela. Eta horrek gauza bat esan nahi du: euren helburu bakarra kurduen aurka egitea da, Turkiak Sirian dituen interesak, nagusiki, herri kurduari lotuta daudelako. Kurduek sarri salatu dute SNAko kideak Turkiako mertzenarioak direla. Berbarako, Aleppo hiria kontrolpean hartu ostean, haiek Damaskorako bidea hartu beharrean, Afringo errefuxiatu kurduak zeuden eskualdera jo zuten, Shahbara. Egun ere bide horretan darraite. Eta aurretik, hamaika aldiz bonbardatu ditu Erdoganen armadak Siriako ekialde eta iparraldean kurduen kontrolpeko lurrak.
Assad desagertuta, kurduen proiektu politiko autonomoa kinka larrian dago Sirian. Turkiak adierazi du alde guztiekin negoziatuko duela, salbu, jakina, kurduekin, PKKrekin loturak izatea leporatuta. Edonola ere, emakumeak lehen lerrora eraman dituen proiektu politikoak talka egingo du indar jihadistek eraiki nahi duten Siria islamista berriarekin. Gerraren fase bat amaitu da batzuentzat, baina beste batzuentzat aldiz berri bat hasi da.
1 Iruzkin
Bai, Turkiak, Israelek, eta USAk+EBk dituzten interesak argi dira, nahiz eta ezberdinak izan.
Turkiak kurdutarren aurka egin eta aspaldiko inperioaren eremua kontrolatu nahi du. Beste guztiek oinarri koloniala eta IMEEC (India-Europa korridorea) ziurtatu nahi dute, Txinaren aurka.
Baina Errusia eta Iranentzat ere, Siria ezinbestekoa zen, Mediterraneoko base militar edota segurtasun-zerrenda gisa.
Galdera da: hain gaizki daude 2 herrialde horiek, ez dutela 10 mila islamisten mugimendua ikusi ere egin?
Zeren Lavrov eta Araghchi hondamendia jada martxan zegoenean bildu dira Turkiako atzerri-ministroarekin Dohan.
Eta haien ixiltasunak erakusten digu ez zegoela jada deus egiterik. Turkiak ziurtatu die, Siria ez dela Afganistan berria bihurtuko, eta agian Errusiaren base militarrak onartu dizkiete ere. Iranen aldeko milizienganako tolerantzia erlatiboa negoziatuko zuten, Turkiarentzat bi puntu horiek bigarren mailako garrantzia dutelako.
Kezkagarria da, geopolitikoki, Errusiaren eta Iranen ahulezia hau. Zeren horrek esan nahi du, Mendebaldeak urte askotarako bereak egiten jarraituko dituela, eta Txinarekiko gerra etorri arte inork ez dugu geldiaraziko…