Nicolás Maduroren agintaldi berria eta errealitate paraleloak

Axier Lopez
0
A. González/DPA

Nicolás Madurok Venezuelako Errepublika Bolivartarreko presidente karguaren zina egin berri du. Sindikalista ohia exekutiboaren eta Indar Armatuen komandante buru izanen da hirugarren aldi baterako, 2031ra arte.

Kargu hartzean izan zirenek Amerikako, eta hein batean, munduko, aliantza politikoen isla fidela eskaini zuten. Caracaseko ekitaldian izan ziren Honduras, Kuba, Nikaragua, Bolivia, Dominika, Saint Vincent eta Grenadinetako gobernuen ordezkariak. Zeresana eman zuen Kolonbiako Gustavo Petro, Mexikoko Claudia Sheinbaum eta Brasilgo Lula da Silva han ez egoteak, seguruenik hiruek koordinatuta hala erabakita, baina hirurek ere euren enbaxadoreak bidali zituzten inbestiduran laguntzeko. Uruguaik, Argentinak, Panamak eta Dominikar Errepublikak hautatu zuten Madrilgo Salamanca auzoan erbesteratutako Edmundo González oposiziogilearekin biltzea. Maila globalean, Errusia, Txina, Ipar Korea eta Iranek ordezkariak bidali zituzten Venezuelara. Eta jakina, Amerikako Estatu Batuak eta Europar Batasuna ez ziren bertaratu, eta berretsi egin zuten González “egiazko presidente hautatua” dela haientzat.

Nazioarteko eskuinaren eta ultraeskuinaren errezeta nagusia ez da aldatu Chávezen lehen urteetatik gaur egunera arte: Venezuelako Gobernua nazioartean (Mendebaldean) isolatzea, zigor berrien bidez gerra ekonomikoa areagotzea, Donald Trump-en erabakien zain egotea eta, bien bitartean, errealitate mediatiko paraleloa elikatzen jarraitzea: Venezuelako sistema demokratikoa diktaduratzat jotzea, zeinean Mendebaldeak babesten duen oposizio eskuindarrak estatu eta hiri garrantzitsu batzuetan agintzen duen. Zinez, diktadura bitxia da Venezuelakoa.

Ehunka milaka pertsona dira azken garaietan herrialdearen egoera ekonomiko makurragatik emigratu behar izan dutenak. Egoera ez da samurra eta Maduroren gobernuari gauza asko kritika dakizkioke. Ezkerretik ere bai. Eta horrela egiten dute Venezuelan bertan mugimendu antikapitalista batzuek. Baina, egiari zor, Venezuelak ez baleuzka munduan egiaztatuta dauden petrolio-erreserbarik handienak, ez ginateke hitz egiten ariko gaur egungo terminotan eta intentsitatean. Haren gaineko etengabeko foku (geo)politiko eta mediatikoak hor du pizgarria.

Saudi Arabiako diktadurak kazetari bat hil eta bere gorpua laurdenkatu dezake bere enbaxada batean. Europar Batasunak ez dio inolako zigorrik jarriko, eta, asteburu honetan bezalaxe, bere emirrak lasai ederrean ikusiko dituzu sariak banatzen Espainiako futbolarien artean (40 milioi euroren truke). Haitiren ispilua ere hortxe daukagu. Ia inork ez du haitiarrez hitz egiten, ia inor ez da haien egoeraz kezkatzen. Hilabeteak eta hilabeteak daramatzate parekorik gabeko kaos politiko, ekonomiko bati kateatuta, hildakoak bata bestearen gainean jarrita, Venezuelatik 1.000 kilometrora. Baina beste kontinente batean, Espainiako telebistek, adibidez, hauteskundeak galdu dituen oposiziogilearen mitina, hiru mila lagunen aurrean, zuzenean eskainiko dizute.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA