Trumpen plana, palestinarrak eta gu

Axier Lopez
0
50.000 lagun inguru bildu ziren urriaren 4an Iruñeko manifestazioan. Argazkia: Palestinarekin Elkartasuna

Urriaren 4an, Iruñeko manifestazio jendetsuan zein munduan barrena egindako manifestazio erraldoi askotan, ozen eta argi adierazi dute: bakea nahi bada, Israel suntsitu behar da. Zehatzago esanda, Israel izeneko proiektu politiko koloniala eta apartheid sistema desegin. Genozidioak aurrera egin ahala, gordin, gupidagabe, nazioarteko erantzunaren mezua zorroztu eta hedatu egin da, ezbairik gabe. Orain ez asko genozidio hitza erabiltzea urrunegi joatea zen batzuentzat, Euskal Herrian ere bizi izan dugu halakorik.

Bien bitartean, kontrara, munduan barrena palestinarren sarraskiaren sustatzaile eta babesle nagusiak proposatu duen 20 puntuko plana ongi etorria jasotzen ari da. Europako indar nagusiek, Alemania, Erresuma Batua, Frantzia eta Europar Batasuna buru, bide-orria onartu eta “Trumpen bakerako grina” azpimarratu dute, lotsarik gabe. Baina norbaiti deigarriagoa egin dakioke nazioarteko eskuin muturraren buruak onduriko planak Palestinako erakunde politikoen artean momentuz jaso duen erantzuna. Hamas eta Jihad islamikoa “negoziatzeko prest” azaldu dira, eta “su-etena bermatzeko puntuak” onartu dituzte. Gazako erresistentzia armatuaren bi zutabe eta urriaren 7ko erasoen protagonista nagusiak izanda, bitxia suerta liteke erantzuna.

Bake proposamena omen dena, mehatxu artean aurkeztu du Netanyahuren lagunak. Aurkezpen egunean bertan hala mintzo zen Trump: “Plana onartu ezean, Bibi (Netanyahu), badakik, nire babesa daukaala egin behar duana egiteko”. Urriaren 5ean, atzera ere mehatxu egin zion Hamasi zuzenean, plana onartu ezean “erabateko suntsipena” etorriko dela esanda. Giro oldarkor horretan eta bi urteko genozidioren ondorioak azalean izanik, asko neurtzen ari da hitzak Hamas. Berretsi egin du “akordio bat” lortzeko konpromisoa, Israelek Gazaren aurka egindako erasoa amaitzeko eta Israelekin presoak berehala trukatzeko. Horra arte.

Hurrengo egunetan ikusiko dugu sionisten lagunek ezarritako segadatik nondik ateratzen diren erakunde palestinarrak. Halere, zenbait buruzagik argiago egin dute hitz egunotan. Hamaseko Mahmud Mardawi-k publikoki adierazi du “planaren puntuak Israelen ikuspuntutik gertu” daudela. Jihad Islamikoaren idazkari nagusi Ziad al-Nakhalah-k esan du Trumpen planak bilatzen duela “Israelek gerran lortu ezin izan duena palestinarrei inposatzea”. Palestina Askatzeko Herri Frontearen Batzorde Zentraleko kide Abu Ali Hassan-ek salatu du plana “gerra kudeatzeko formula bat besterik” ez dela, ez gerra amaitzeko, eta “kolonialismoa beste modu batez iraunaraztea” ezarri nahi duela.

Aginte Nazionalaren (PAN) jarrerak, aldiz, ez du inor ezustean harrapatu. Hitz politekin jaso du plana “Gazako gerra amaitzeko” eta azpimarratu du “eskualdean bakea lortzeko” AEBekiko lankidetza funtsezkoa dela. Okupazio-indarrekiko beti otzan azaldu den 89 urteko Mahmud Abbas gerontokrazia zipaioaren buru duela, Zisjordanian okupazioari aurre egin nahi dieten palestinarren aurkako tresna errepresibo bihurtu da urteen poderioz, Israelen gobernu sionistarekin duten lankidetza estuaren bitartez. PANek segurtasuna eskaintzen du, baina Israelentzat, jardun kolaborazionista hori aspaldi sufritzen ari den Zisjordaniako erresistentzia gazteak sarri salatu duenez.

Edonola ere, palestinarren arteko batasun ezak, jakina, ez du batere laguntzen egoera hauetan. Haien tragediarik handienetakoa da eta aldi berean sionisten lorpenik onenetakoa, horretan erruz saiatu direlako sionistak. Berbarako, Israelek 2014ko gerra abiatu zuen Al-Fatah eta Hamasen artean adostasuna lortu eta bi hilabetera.

Argazkia: Reuters

Genoziden aurrean amore?

Gazako genozidioaren babesle nagusia eta, batzuetan, ia bakarra izatea “Palestinako bakerako bidea” idatzi duena inteligentziaren aurkako iraina da. Klaseko matoiaren gisan, bere plana onartzen ez duen orori mehatxu eginda, argi utzi ditu bere asmoak. Gazarako Israelek duen proiektuaren hurrengo fasea da plana: erresistentzia oro zanpatzea. Haientzat hori baita bakea, bestea deuseztatzea. Israelek nazioartean inoiz izan duen isolamendu handienetakoa bizi duen garaian, planak fokua desbideratzen du 180 gradutan, apartheid sionista eta bere proiektu koloniala itzul daitezen nazioarteko komunitatean aurrez zuten status quo-ra. Ezta hitz bat ere 20 puntuetan genozidak epaitzeaz, Israel desarmatzeari buruz edo palestinarren bizitzarako nolabaiteko bermeei buruz. Ez dago erreparaziorik, ezta berriz ez errepikatzeko bermerik ere. Ezer gertatu izan ez balitz bezala.

“Bi estatuen konponbidea”, Mendebaldeko kimera hori, ere ez da sendo islatzen. Inork zehazten ez dakien Palestinako balizko estatu independente horren aukera bertan behera uzten du planak “etorkizunean baldintza egokiak izan” arte, beste behin, palestinarren eguneroko bizitza salbuespen egoera iraunkor batean lagata. Izan ere, inbaditzailearen eta bere laguntzaileen borondatearen mende leudeke berriro, Osloko akordioen ondoren gertatu zen bezala.

Nazio Batzuen Erakundea bera ere eskandalizatu da. 28 aditu eta kontalarik osatutako taldeak gogorarazi du AEB ez dela “bitartekari zintzoa”, Israelekin lotura sakona duen alderdia baizik. “Proposamen honek praktika kolonialak gogorarazten ditu eta baztertu egin behar da”, berretsi dute.

Palestinatik ere, jakina, badira planaren tranpa oso argi salatu duten taldeak. Giza Eskubideen aldeko Erakunde Palestinarren Kontseiluak ondokoa adierazi du: “AEBetako planaren helburua ez da apartheid erregimen kolonialista eta Israelen legez kanpoko okupazioa amaitzea, baizik eta horiek finkatzea eta normalizatzea. Israelen apartheid, jazarpen eta genozidio krimen sistematikoak saritzen ditu planak”. Samidoun Palestinako presoen elkartasunerako nazioarteko sareak adierazi du planak ezartzen dituela herrialde arabiarretan proiektu sionista eta inperialistari eusteko baldintza politikoak, eta haien aurka sortzen hasiak ziren ahotsak baretzeko asmoa duela.

Izan ere, sionistekin ondutako Trumpen planak agintzen duenean palestinarrak -ez bakarrik Hamas- desarmatzea, amore emateaz eta okupazio indarren borondatearen onarpenaz hitz egiten ari dira. Bakeaz mintzo dira, gerraren bidez inposatu dutena justifikatzeko eta gatazkaren sustraia alboratzeko: okupazioa. Horregatik, Palestinaren askapenaren aldeko borroka sionismoaren porrotarekin batera etorriko da, noski, baina, baita zerbait handiagoa eta zailagoa denaren eskutik ere: AEBen inperialismoaren gainbehera. Eta horrek gu interpelatzen gaitu zuzenean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA