Palestinako Agintearen estrategia Israelen okupazioa iraunarazteko

Axier Lopez
0

Palestinako Aginte Nazionala (PA) Zisjordania eta Gazako Zerrenda kudeatzen dituen administrazioa da. Palestinaren Askapenerako Erakundearen –erresistentzia mugimenduak biltzen zituen erakundea– eta Israelen arteko Osloko negoziazioen ondorioz sortu zen PA, Zisjordanian eta Gazan nolabaiteko gobernu autonomoaren funtzioak betetzeko asmoz. Hori da paperaren gainean idatzita dagoena, behintzat. Izan ere, errealitatea oso bestelakoa da. Urteen poderioz Palestinako elite kapitalistak aberasteko gune bilakatu da Al-Fatah alderdiaren eskutik. Baita bere bide diplomatikoarekin bat egiten ez duten palestinarren aurkako tresna errepresibo bihurtu ere, Israelen gobernu sionistarekin duen kolaborazio estuaren bitartez.
Izaera antidemokratikoa
2006an Hamasek PAren hauteskundeak irabazi bazituen ere, Al-Fatah-k emaitzei uko egin zien. Orduz geroztik ez da berriz hauteskunderik egin eta PAren eragina Zisjordaniako eremura mugatu da, Gaza Hamasen kontrolpean utziz. Beraz, Yasser Arafat-ek sortu zuen alderdiaren eta beraren inguruko elite ekonomikoen esku dago PA herritarren parte-hartze zuzenik gabe.
Zer egiten dute?
Palestinako Agintea da Zisjordanian pertsona gehieni lanpostua ematen dion erakundea. Urteroko aurrekontuaren heren bat “segurtasuna eta orden publikora” bideratzen du –osasunera eta hezkuntzara batuta eskainitakoa baino gehiago–. Israelgo eta AEBetako agintariek ikertzen dute PAren segurtasun indarren errekruta oro. Palestinako mugimendu sozialen aurkako jazarpenagatik ezagunak dira indar horiek, baina ezer gutxi egin dute palestinarrak Israelgo soldaduen edo kolonoen erasoetatik babesteko.
Kalitate handiz deskargatzeko: PAinfografia.jpg
ARGIAren eta Visualizing Palestine kolektiboaren arteko elkarlanari esker sortutako infografia.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA