1948an, NBEko Batzar Orokorrak ondorengoa adierazi zuen: Palestinako “errefuxiatuen etxera itzultzeko eta auzokideekin bakean bizitzeko nahia bermatu behar litzateke ahalik eta azkarren”. Egun, etxera itzultzeko eskubidea sistematikoki ukatzen die Israelek palestinarrei, jaioterrietako lurrek orohar hutsik jarraitzen badute ere. Israelen menpeko palestinarren jatorrizko herri eta hirien %77a ez dute berreraiki.
1948an 700.000 palestinarrek etxea eta sorterria utzi behar izan zituzten Israelgo armadaren bortxaren beldurrez. Haien ondorengoek etxera itzuli ezinik jarraitzen dute, 5 milioi baino gehiago dira egun. Nazioarteko legediak errefuxiatuen itzulera aitortzen du, baina Israelek sistematikoki ukatu du eskubide hori. Horretarako Israelek askotan darabilen argudioetako bat ondorengoa da: 1948tik hona palestinarren herri asko goitik behera eraldatu dira, etxe berriak eraiki eta jende berria han bizi delako. Alegia, errefuxiatu palestinarrek ez dutela nora itzuli. Batetik, datu hori egia balitz ere, horrek ez luke Itzultzeko Eskubidea ezeztatuko. Lapurretak lapurreta izaten jarraituko luke. Baina, bestetik, Israelen argudio hori faltsua da. Palestina Britainiar Inperioren kontrolpean zegoen garaitik hona nahikoa datu, mapa eta dokumentu gorde dira alderaketak egin ahal izateko. Hala, datuen arabera, errefuxiatuen jatorrizko herrien gehiengo handi batek ez du eraldaketarik izan, eta lur-eremu horietan ez da inor bizi. Infografian azaltzen diren datuak xeheago ikus daitezke webgune honetan: http://www.plands.org/en/books-reports/books/right-of-return-sacred-legal-and-possilble/location-of-palestinian-villages
Infografia kalitate handiz deskargatzeko: ItzuleraPosibleDa.jpg
ARGIAren eta Visualizing Palestine kolektiboaren arteko elkarlanari esker sortutako infografia.