Zergatik txertoa jarri semeari? Aitatxok lanegunik alperrik ez galtzeko

Axier Lopez
2

Pediatrak zure umeari beste txerto bat gomendatzea ez da gauza berria. Mundu honetara jaiotzen garenetik zain dugun ziztaden zerrenda gero eta luzeagoa baita. Proposamen hori erdara hutsean jasotzeak eragiten dizun azkuraz gain, umea txertatzeko arrazoien artean “aitak lantokira joateri utz ez diezaion” irakurtzea marka da gero.
Osakidetzako pediatraren eskutik jaso dugu eskutitza inguruko guraso izan berriok. Txertaketa Aholkularitza Batzordearen gomendioak eta arrazoiak biltzen ditu, gaztelania hutsean, Rotavirus izeneko birusari aurre egiteko. Horretarako “Espainiako merkatuan dauden” bi txerto marken berri eman eta horiek umeari 12 aste bete aurretik jartzearen alde mintzo da “gastroenteritisari aurre egiteko”.
Txertoak jartzea herri kirol bilakatu den honetan, beste urrats bat gehiago dirudi. Baina, euskaldunon hizkuntz eskubideak enegarrenez urratzearekin batera, umeei gorputzean zergatik kimika gehiago sartu behar diogun galderari emandako erantzunak harritu gaitu. Hala dio, hitzez hitz: “sufrimendua eta ospitaleratzea saihestu eta aitek lanegunik gal ez dezaten”.
Beraz, semeak eta amak ez arduratu, eskutitzean “los padres” eta “los hijos”-ei soilik zuzentzen baitzaizkie pediatra hauek. Baina, seme jaio berria duen aita bazara, kasu! Ziztu batean botikara joan, zure patrikatik txertoak erosi –ez baitira Osakidetzan sartzen–, hozkailuan sartu eta eskatu zita erizainarekin umea ziztatzeko. Semea gaixotu baino lehen, eta elkarbizitzaren marra gorri guztiak gainditzen dituen atrebentzia egin aurretik: lantokian egun librea eskatzea senide bat zaintzeko.
 
Zeinena da eskutitza?
Txertaketa Aholkularitza Batzordea, Espainiako Pediatria Elkartean umeen txertoak kudeatzeaz arduratzen den taldea da. Infektologian eta txertoetan adituek osatutakoa da. Haren ardurak ondorengoak dira: maila guztietan (osasuna, gizartea, administrazioa…) txertoei buruzko aholkuak eta sustapen lanak egitea. Urtero argitaratzen ditu haren gomendioak eta horien arabera Espainiako Pediatria Elkarteak osatzen du umeentzako txertoen egutegia.
Espainiako Pediatria Elkartea 9.000 bat pediatra eta zirujau biltzen dituen elkartea da. Pediatriari dagokionez, bera da aholku emaile garrantzitsuena Espainiako Estatuan.

2 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA