Salbuespen beharra

Axier Lopez
0

Herritarren 2019ko matxinadaren ondoren, etengabe ari da aldatzen Txile. Erregimen zaharrak ez du hil nahi, berriak ernatu nahi du, eta talka horretan, garai bertsuetan gerta daitezke honelako gauza kontrajarriak: batetik, konstituzio berria, inklusiboagoa, idazten ari dira maputxe batek gidatuta, eta bestetik, bi hilabete bete dira gobernuak maputxeen lurraldeetan larrialdi egoera ezarri eta militarrak bidali zituenetik. Dualtasun hori datorren igandean, hilak 19, helduko da mugarri gorenetakora: ezkerrak eta ultraeskuinak elkar ikusiko dute hautestontzietan herrialdeko presidentetza eskuratzeko. Bien bitartean, baina, herri mugimenduek urte luzez bultzatutako aldaketa batzuk gauzatzen ari dira, urrats historikoak ematen jarraitzen dute.

Joan den astean ezkontza parekidea legeztatu du Parlamentuak –82 boto alde eta 20 aurka–. Ia lau urtez baztertuta izan dute 2017an aurkeztutako proposamena, eta hara noiz eta sektore kontserbadoreen ordezkari Sebastian Piñera eskuindarraren agindupean onartu den. Sexu bereko pertsonei ezkontzeko aukera ematen die lege berriak, eta gainera, alaba-semeak adoptatzeko aukera bermatzen du – hori izan baita eztabaidaren funtsezko puntuetako bat–.

Eta bai, gezurra dirudi gaur egun sexu bereko bi pertsonak legearen aurrean eskubide berberak ote dituzten eztabaidatu behar izatea. Baina, ikuspegia zabalduz gero, berdintasunak salbuespena izaten jarraitzen du gaur gaurkoz. Txile da berdinen arteko ezkontza legeztatu duen hamargarren herrialdea Amerikan; Argentina, Brasil, AEB, Kanada, Kolonbia, Uruguai, Ekuador, Mexikoko hainbat estatu eta Costa Ricaren –Erdialdeko Amerikako herrialde bakarra, 2020an onartu zuten– ondoren.

Danimarka aitzindaria izan zen 1989an bikote homosexualen lehen elkartze zibilak baimentzen. Herbehereak izan ziren lehen herrialdea, 2001eko apirilean, sexu bereko pertsonen arteko ezkontza legeztatu zuena, eskubide gehiago emanez. Dena den, sexu bereko pertsonen arteko harremanak legez onartzeko aukera ematen dute NBEko 193 estatu kideetatik soilik 28k, Lesbiana, Gay, Bisexual, Trans eta Intersexen Nazioarteko Elkartearen (ILGA) 2020ko txosten baten arabera. Afrika bezalako kontinente oso batean, Hegoafrikan bakarrik (2006tik) da legezkoa. Asian ere egoera beretsua da, Taiwan da salbuespena. Aldiz, sexu-askatasuna delitutzat jotzen duten herrialdeak askoz gehiago dira oraindik orain –ILGAren txostenaren arabera, NBEko 67 estatu kide–. Are, G8-ko bi potentziak, Japoniak eta Errusiak, debekatuta daukate.

Txilek berretsi duen bezala, XXI. mendean ere, herritarren presioak eta mobilizazioak jarraitzen dute izaten oinarrizko eskubideak lortzeko biderik eraginkorrenak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA