Hasi Afrika errespetatzen

Axier Lopez
0

“Europak eta Frantziak tratatzen gaituen modua aldatu egin beharra dago, gu errespetatzen eta Afrika beste era batera ikusten hasi behar duzue. Guri tonu paternalistaz hitz egiteari eta zuzentzeari utzi behar diozue, zuek beti arrazoia bazenute bezala, eta geuk ez”.

Entzuleen txalo artean esan ditu hitzok Kongoko Errepublika Demokratikoko presidente Félix Tshisekedi-k, Kinshasa hiriburuan, alboan Frantziako presidente Emmanuel Macron zuela. Prentsaurreko bateratua zen, Macronek hilaren 2tik 5era Afrikako hainbat herrialdetan egin duen biraren harira.

Macron, deseroso, erantzuten saiatu zen esanez kazetari frantziar batzuek idazten edo esaten dutenak ez duela Frantzia ordezkatzen. Eztabaida desbideratu nahian ari zela ikusita, ondorengoa argitu zion Kongoko presidenteak: “Ez naiz inongo kazetariez ari, zure Atzerri ministro Le Drianen adierazpenez ari naiz”.

Jean-Yves Le Drian Frantziako Kanpo Arazoetako ministro ohiaren adierazpenez ari zen Tshisekedi. Izan ere, 2019ko hauteskundeetan Tshisekedik lortutako garaipenaren balorazio negatiboa egin zuen Le Drianek publikoki.

Frantziak bere kolonia ohietan –eta kontinente osoan oro har– gero eta eragin txikiagoa duela jakitun, Macronek biran erakusten saiatu den jarrera adeitsua ez da nahikoa izan kritikak saihesteko. Bere lehen geldialdian, Gabonen, manifestari andanak buruzagi frantziarraren presentzia errefusatu zuen.

Frantziako neokolonialismoa ahultzen ari da Afrikan, eta horren erakusgarri da Afrikako hainbat gobernuk lortu dutela soldadu frantsesak herrialdetik kanpo bidaltzea, Malin, Afrika Erdiko Errepublikan edo Burkina Fason gertatu bezala. Hala eta guztiz ere, Frantziako ekonomiarekiko menpekotasuna indarrean da leku askotan; Afrikako zortzi herrialdek erabiltzen dute CFA frankoa moneta gisa eta Frantziako Armada ez da erabat kontinentetik joan, adibidez Boli Kostan jarraitzen dute armen bitartez boterea ezartzen. Bien bitartean, Txina, batez ere, eta Errusia, beste neurri batean, indarra irabazten ari dira kontinentean, lehengaiak kontrolatzen ari dira eta lehen Europako potentzia kolonialenak ziren espazio politiko eta militarrak eskuratzen.

Macronen ondorengo hitzak ere ez dira kongoar askoren gustukoak izan: “1994tik ez zarete gai izan zuen herrialdeko subiranotasun ekonomiko eta administratiboa eta segurtasuna berrezartzeko. Errealitatea da. Ez da beharrezkoa errudunak kanpoan bilatzea”. Macronek berak onartu du Afrika “lehia eremua” dela gaur egun, eta, beraz, Frantziako enpresei eskatu die “esnatzeko” eta “borrokan parte hartzeko”.

Kongo beste herrialde frankofono baten kolonia izan zen ia mende batez. Ia hamar milioi pertsona torturatu, bortxatu eta hil zituzten Belgikako errege Leopoldo II.aren agindupean. 23 urtez herrialde oso bat hartu zuen jabetza pribatu pertsonal gisa. Ondoren beste 52 urtez, 1960ra arte, Belgikaren kolonia izan zen. Kongoko lehen presidente demokratikoa, Patrice Lumumba, Belgikako eta AEBetako zerbitzu sekretuek hil zuten.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA