Futbola eta politika ez dira nahastu behar. Hala dio, bederen, ‘Kapitalismoaren kontraesanak saihestu eta lasai bizitzen jarraitzeko gidaliburuak’. Liburuxka hori inoiz idatzi ez bada ere, gure artean oso zabalduta dago uste hori. Futbola eta negozioa eskutik helduta doaz. Munduan diru gehien mugitzen duen industrietakoak Lionel Messi du izarrik handiena. Berriki, “munduko jokalaririk onenak” erabaki du AEBetako Inter Miamin jokatzea. Esan gabe doa, ez doala hango ligaren erakargarritasunagatik, poltsikoratuko duen dolar kopuruagatik baizik.
Inoiz baino gehiago kobratzeko iritsi da Miamira Messi: 50 milioi euro denboraldi bakoitzeko, gehi zenbait portzentaje mamitsu: transmisio eskubideen irabaziengatik, ligako produktuen salmentengatik, eta beste batzuk. Inork ez du zalantzan jartzen bere kontratazioa negozio handiago batekin lotuta dagoenik: 2026ko Munduko Futbol Txapelketa AEBetan, Mexikon eta Kanadan egingo da. Gainera, AEBetan ere antolatuko den 2024ko Amerika Kopako irudia izango da argentinarra. Miamira joan aurretik, Saudi Arabiaren proposamenak baztertu ditu, heriotza-zigorra zigor koderik gabe aplikatzen duenarenak, 2022tik Messi turismo-enbaxadore duen diktadurarenak –urtean 7,5 milioi euroren truke–.
Abya Yalako ezkerreko gobernuen aurkako konspirazioen (Venezuela, Brasil, Bolivia, eta noski, Kuba) hiriburua da Miami, eta bere futbol taldeak ere badaki horretaz. Inter Miamiren jabetza bi enpresabururena da, Jorge eta José Mas anaiena –Aragoiko Real Zaragoza futbol taldea Jorge Masena da–. Aita Jorge Mas Canosa zuten, Kubako iraultzaren etsai sutsua. Fundación Nacional Cubano-Americana-ren ideologoa izan zen, 1997an Habanako nazioarteko hotelen aurkako atentatuak finantzatu zituena. 1961ean Playa Girónen inbasioan ere hartu zuen parte Mas Canosak. Ronald Regan presidentearekin harreman ona zuen antikomunista hori enpresari bihurtu zen MasTec telekomunikazio enpresaren eskutik. 1992an, Andrew urakanak Florida hegoaldeko zati handi bat suntsitu ondoren, Canosak bere aberastasuna izugarri handitu zuen, bere enpresa berreraikitze-lanetako onuradun handienetakoa izan zelako.
Haren semeak ezagun dira Espainiako Estatuan, arazo larriak izan zituztelako fiskoarekin. Mas Canosa familiak 1996an erosi zuen Sintel, Telefonicaren enpresa subsidiarioa, Aznarren gobernuaren pribatizazio politikei esker . Lau urte geroago, 2000n, 900 pertsona kaltetu zituen enplegu-erregulazio espedientea ezarri zuten Sintelen. Langileek 187 egunez okupatu zuten Madrilgo Castellana pasealekua. Azkenean, Miamiko Auzitegi Federalak familia antikastristaren aurkako salaketa bat jaso zuen, Sinteletik zortzi bat milioi euro Mas Canosaren jabetzako beste sozietate batzuetara desbideratzeagatik. Hamar urte baino gehiagoko auzi horretan, epaiketa saihestu zuten akordio bati esker: MasTec-ek 35 milioi euroko kalte-ordainak ordaindu zizkien langile eta hartzekodun ohiei.
Baina politikaren kontu zikin hauek ez dezatela ikuskizuna zikindu.