BRICS (Brasil, Errusia, India, Txina eta Hegoafrika) taldeak sei herrialde gehiago –41 eskatzaileren artean– batzeko eskaera historikoa egin du. Argentina, Saudi Arabia, Egipto, Arabiar Emirerri Batuak, Etiopia eta Iranek 2024tik aurrera erabaki beharko dute taldera elkartu ala ez. Boskotea hamaikakoa bilakatuko balitz, munduko biztanleriaren %46 eta BPIaren %37 bilduko luke BRICS berriak.
2009an sortutako BRICS taldeak bere eragin geopolitikoari zuzenean lotutako hedapen-etapari ekin dio orain. BRICS talde heterogeneoa eta asimetrikoa da. Ez da aliantza bat, terminoa elkar defendatzeko itun gisa, lankidetza militarra tartean, ulertzen badugu. Ez da bloke politiko, kultural edo komertziala ere ez, haien kideen artean ez dago koherentzia ideologikorik edo linguistikorik, ezta merkataritza askerako akordio komunik ere. Egun munduaren botere banaketarekiko gaitzespen edo aldaketa nahi batek lotzen dituela esan genezake. Aipatzekoa da BRICSera batuko ei diren sei kide berrietako bat bera ere ez dela NATOko kidea. BRICS herrialdeek aspalditik egin dute presioa erakunde globaletako liderrak modu gardenean eta demokratikoan hautatuak izan daitezen. Ez dezagun ahaztu, adibidez, Munduko Bankuko presidentea beti izan dela estatubatuarra eta Nazioarteko Diru Funtseko zuzendaria, beti europarra.
Ekonomiari dagokionez, BRICSen proiektu kolektibo nagusia eta ia bakarra Garapen Banku Berria sortzea izan da, batez ere azpiegituren garapena finantzatzera bideratutakoa. Baina funtsezko puntu komuna dute: AEBetako moneta alde batera uzteko asmoa alde biko merkataritzan. Asmotik harago doa, hainbat hitzarmenen bidez jada abian jarritako bidea baita. Dolarra nazioarteko trukerako moneta gisa erabiltzea izan da, eta bada, hain zuzen, AEBen munduko hegemoniaren zutabeetako bat.
Jakina, BRICSeko kideen artean nolabaiteko elkartasuna dago, esaterako, Txinaren edo Errusiaren aurka sustatutako nazioarteko zigorren aurrean islatu dena; AEBetatik edo Europar Batasunetik sustatutako zigor horien aurrean kideen isiltasuna edo ez lerrokatzea eragin du elkartasun horrek.
Nazioarteko zigorrei aurre egin beharragatik eta munduko hegemoniaren inguruko borrokan parte zuzena izategatik, seguruena, Errusia eta Txina dira BRICSen kide kopurua handitzeko arrazoi handienak dituztenak, eta agian ez gainerako kideak. Adibidez, Brasilgo presidente Lula da Silva saiatu zen giza eskubideak, eskubide sozialak eta emakumeen ahalduntzea herrialdeen garapenaren gai nagusi gisa sartzen, BRICSeko gailurrean. Begi-bistakoa da, lehen zaila izanik, orain are zailagoa da, kide diktatorial, autoritario eta energia fosilen ekoizle eta defendatzaile nagusi gehiago batuko direlako taldera.
Seikote berria
Egipto, Iran eta Saudi Arabia botere politiko, militar, ekonomiko eta kulturaleko poloak dira, nazioarteko taula geopolitikoren funtsezko zonalde baten barruan. Saudi Arabiako eta Arabiar Emirerri Batuetako diktadurak AEBen ohiko aliatu militarrak dira Ekialde Hurbilean, baina zonaldean “munduko buruzagiaren” paper hori ahultzen ari zaie Txinako bitartekaritza-ahaleginen ondorioz, Iran eta Saudi Arabiako gobernuen artean berriki loturako akordioa kasu.
Baina, zergatik batu Argentina eta Etiopia, ia porrotean dauden herrialdeak, eta Etiopiaren kasuan gerra odoltsu batetik atera berritan?
Argentina, Brasilekin batera, gobernu aurrerakoien eskutik, integrazio-motor garrantzitsua izan da, AEBen –eta beste maila batean Europarena– inperialismoaren kontrakoa Abya Yalan. Etiopia Afrikako Batasunaren egoitza da, Afrikako barne-arazoetan funtsezko eragin diplomatikoa duen erakundea.
1 Iruzkin
[…] Axier Lopezek Argia aldizkariko Begizta.net blogean. […]