Guatemala, 100 eguneko sokatira

Axier Lopez
0
Argazkia: Arévalo presidentea, erdian. El Universal

Bernardo Arévalo de Leónek Guatemalako presidente kargua hartu du. Hauteskundeak irabazi dituena presidente izendatzea ez litzateke albiste izango kasik, baina Guatemala ustelean bai. 100 bat egunez, krimen antolatuarekin lotutako estatuko indar ustelak beren pribilegioak babesten saiatu dira, edozein preziotan. Guatemala “erregimen hibrido” gisa sailkatu izan da luzaroan: ezaugarri “demokratiko eta autoritarioen” nahasketa gisa.

Duela urtebete, Arévalo ezezaguna zen. Ez zen inkestetan ere agertzen. Movimiento Semilla alderdi sozialdemokrataren sortzaileetakoa eta hautagaia zen. 2015eko ustelkeriaren aurkako protesta orokorren giroan jaio zen Semilla. Hain zuzen ere, azken urteetan Guatemala gobernatu duen kasta politiko ustelaren parte ez izateak eragin ditu, Arévalok abuztuan hauteskundeak irabazi zituenetik, presidente kargura ez heltzeko saiakera ia sinestezinak.

Arévaloren garaipena ustekabekoa izan zen. Elitearen gustukoak ez ziren beste hautagaiak lehen itzuliaren aurretik deskalifikatu zituzten, aldaketaren aldeko jendearen itxaropena txikia zen. Baina Arévalok bigarren itzulira pasatzea lortu zuenean, igoera geldiezina izan zen, eta horrekin batera lawfarearen hasiera. Are gehiago, bigarren itzulia baino egun batzuk lehenago, bera hiltzeko plan bat atera zen argitara, estatuko indarren eta paramilitarren parte-hartzearekin.

Consuelo Porras Argueta fiskal nagusiak, AEBetan ustelkeriagatik zigortutako funtzionarioak, Semillaren aurkako ikerketa abiatu zuen, inskripzio prozesuan irregulartasunak egin zituelakoan. Ondoren, alderdi politikoa bertan behera uzteko agindu zuen. Hala ere, Konstituzio Auzitegiak agindua blokeatu zuen eta bigarren itzuliak aurrera jarraitu zuen. Arévalok botoen %58 lortu zituen, eta hautagai ofizialistak, berriz, %37,2. Berehala hasi ziren bere inbestidura eragozteko ahaleginak. Herritarren protesta artean, Konstituzio Auzitegiak eskuineko sektoreen helegiteak jasotzen eta baztertzen jarraitu zuen, Arévalok hilaren 15ean karguaz jabetu arte.

Eta jatorrizko herritarrak?
Guatemalan herritarren %44k bere burua “indigenatzat” dauka, baina Kongresuan ez dago indigenarik (Sonia Gutiérrez ezkertiarra izan ezik). Ollantay Illamná blogean dioten bezala, Semillak ez du nazio aniztasunaren aldeko apusturik egiten, ez dute irabazi jatorrizkoekin batera borroka egiteagatik, ustelkeriaren aurkako borroka zorrotza abiatzeagatik baizik. Baina arazoa da borroka hori askotan ustelek beraiek edo pribilegiatuek gorpuztu dutela.

Gauzak horrela, Luis E. Sabini Fernández kazetariaren arabera, egun Guatemalan hiru “aktore” daude aurrez aurre. Lehena oligarkia zaharra da –lehen hispanista zena orain estatubatuarzalea–, maien eta kitxeen gainetik bizi dena bere pribilegio-sareei esker. Bigarren aktorea indigenak dira, beren eskubideak zabaltzeko borrokan mobilizatuta daudenak, lurrak defendatzen ari direnak oligarkia zaharraren indarkeriari aurre eginez. Eta hirugarrena, Semilla da, lehen aktorearen etsai amorratua. Baina, jatorrizko herriekin zer harreman duen ikusteko dago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA