Parekorik ez dute gizakiak hiltzen. Terrorismoaren teknikak muturrera eraman dituzte, baita berriak asmatu ere. Gainera, Holywoodeko western film zaharretako protagonista maskulinoen harropuzkeriarekin justifikatzen dute haien indarkeria.
“Libanoko herriarentzat mezu bat dut: Israelgo gerra ez da zuen aurkakoa, Hezbollahren aurkakoa baizik”, esan zuen Netanyahuk duela astebete pasatxo. Ordu batzuk geroago, Libano bonbardatzen hasi ziren masiboki. Ekialde Ertainerako eta Afrika Iparralderako Amnistia Internazionaleko zuzendari alboko Aya Majzouben hitzetan: “Egun bakar batean 500 pertsona baino gehiago hil zituzten. Azken gerratan eguneko izandako heriotza kopururik handienetakoa da”.
Mila lagun inguru erail dituzte eta milioi bat desplazatu eragin azken bi asteetan. Orotara, Libanoko Gobernuaren Larrialdi Batzordearen arabera, 2023ko urriaren 8tik, Gazan genozidioa hasi zenetik, 1.600 pertsona baino gehiago hil eta 8.408 zauritu dituzte Libanon, tartean 104 haur. Hori gertatzen ari da kolokan dagoen herrialde batean, krisi ekonomiko eta politiko bete-betean egon dena azken urteotan. Gainera, biztanle bakoitzeko errefuxiatu gehien duen herrialdea da munduan: 1,5 milioi siriar eta 250.000 palestinar baino gehiago bizi dira Libanon.
Amaierarik gabeko erasoaldiak agerian utzi ditu Israelen inpunitatea eta harrokeria, inoiz baino gordinago erakutsi ditu. Ostegunean, AEBek eta Frantziak su-etena proposatu zuten Libanorako, baina ikasleak segituan utzi zuen agerian bere irakasle eta babeslea, bere etxean bertan: hurrengo egunean New Yorken beste triskantza bat agindu zuen Netanyahuk, NBEko Batzar Nagusira sartu aitzin. Bonbardaketa horietan Hezbollahko buruzagia hil zuten, gerora, Joe Bien “demokratak” publikoki txalotu zituen hilketa horiek: “Nasrallah hiltzea justizia ekintza bat da”. Egunotan hil dituzten mila libanoarrentzat ez zuen hitzik izan. Ostegunean ere jakin zen Israelek AEBetako beste laguntza militar pakete bat lortu duela, 8.700 milioi dolarrekoa.
NBEko batzarretik asko aretotik atera zen Israelgo genoziden burua atrilera hurbildu zenean, baina haien artean ez zegoen Mendebaldeko agintaririk –Espainiako eta Frantziako ordezkaritzak barne–. Netanyahuk paparra puztuta hitz egin zuen planetaren aurrean, nahi zuen oro hiltzen jarraituko zuela berresteko. Buruzagi sionistak munduko herrialde ugariri mehatxu egiteaz gain, diskurtsoa baliatu zuen NBEri berari ere behin eta berriz “antisemita” izatea leporatzeko. Hezbollahko eta Hamaseko komandante nagusien hilketak eta azpiegitura militarraren suntsipena lorpen esanguratsuak dira sionisten interes militarrentzat, baina garaipen taktikoetatik haratago, epe luzerako panorama estrategikoak iluna izaten jarraitzen du. Israel ez da bake edo egonkortasun iraunkorra bermatzeko gai den aktorea. Bere estrategia indar militarrean oinarritzen da ia soilik, Libanon eta Gazan zibilen baja kopuru erraldoia eraginez, Hezbollah eta Hamasekiko herritarren babesa hausteko ahaleginean. Hori ez dute lortu, noski, eta litekeena da kontrako eragina izatea. Hezbollahk, Hamasek eta gainerako fakzio armatu eta politiko palestinar eta libanoarrek erresistitzen jarraitzen dute, eta Erresistentziaren Ardatzak bere horretan dirau.