Biolentzia koloniala Portugalen

Axier Lopez
0
Larunbateko manifestazio antiarrazista Lisboan. Argazkia: AP

Lisboan sumina piztu da, batez ere hiriaren kanpoaldean, migratzaile eta kolonia zaharretako –batez ere, Cabo Verde, Mozambike, Angola eta Brasil– herritar gehien biltzen duen langile-auzoetan. Arrazoia da Odair Moniz Cabo Verdeko gizon beltzaren heriotza. Urriaren 21eko gauean Poliziak tiroz hil zuen 43 urteko laguna. Portugalgo Poliziaren bertsioak zioenez, atxilotua izateari uko egin zion Monizek eta agenteei arma zuri batekin eraso egiten saiatu zen. Horren aurrean, polizia batek tiro egin zion. Halere, gutxi iraun du bertsio horrek, bideozaintzako irudiak zabaldu ondoren poliziek bertsioa aldatu baitute. Moniz tirokatu zuen 20 urteko agentea ikerketapean dago.

Odair Moniz  

Hildakoaren familiak eta lagunek, Monizen jokabidea kriminalizatzen saiatzea leporatu diete agintariei. Auzokideen artean ez da zalantzarik: hilketa arrazista izan da. Pasa den astean 123 eraso eta istilu izan dira Lisboan, 22 pertsona atxilotu dituzte eta gutxienez zazpi zauritu izan dira.

Milaka lagunek Lisboako erdigunea hartu dute larunbatean Poliziaren arrazakeria eta indarkeria arbuiatzeko. “Justiziarik gabe ez dago bakerik” oihukatu dute Vida Justa erakundeak antolatutako manifestazioan. “Odair Moniz, tamalez, ez da kasu isolatua, Poliziaren basakeriaren eta auzoetako militarizazioaren eta arrazakeria sistemikoaren biktimen zerrenda luzearen parte da”, azaldu du Jakilson Pereira gizarte-hezitzaile eta Vida Justa kolektiboko kideak. Salatu dutenez, 2008ko krisi ekonomikoaz geroztik, gutxiengoak “barne-etsaitzat jo dituzte, herritarren gaitz guztien erantzuletzat”. Beste 80 bat erakundek, gehienak arrazakeriaren aurkakoak eta auzo elkarteak, babestu dute martxa.

Faxismoa ere mobilizatu da
Chega eskuin muturreko alderdia ere kalera atera da larunbat arratsean, baina beste ibilbide bat eginda. Martxaren helburua Poliziari babesa adieraztea izan da. Milaka antiarrazisten aurrean, ez dute 300 lagun baino gehiago elkartzea lortu.

Chegako bozeramaile Andre Venturak adierazi du Monizen heriotzaz akusatutako poliziari “domina eman” beharko lioketela, baina “demokrazian dena dago gaizki”. Fiskaltzak ikerketa abiatu du adierazpen horiek direla eta, baita Chegak Parlamentuan duen bozeramaile Pedro Pintoren aurkakoa ere. Pintok adierazi du segurtasun indarrek “hiltzera gehiagotan tiro egingo balute, herrialdea ordenatuago” egongo litzatekeela.

Martxoan izan ziren Parlamenturako hauteskundeetan Chegak bozen %18 lortu zuen, 1.200.000 boto inguru.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA