1920ko hamarkadan egindako argazki hauetan nazismoaren aurpegi ezagunena antzezpen-klaseetan ikusten dugu, Latinoamerikako edozein kulebroitan agertzeko moduko pose larjokatuak eginez. Alemaniarren aurrean nola hitz egin, nola joka ikasten ari zen 1920ko hamarkadan eta horretarako, bere lagun Henrich Hoffmannen laguntza izan zuen objektiboaren atzean. Hitlerren laguna-edo esan beharko genuke. Izan ere, Hitlerrek politikagintzan sartu eta berehala, argazki hauek suntsitu nahi izan zituen inork ikus ez zitzan, baina Hoffmannek ezkutuan gorde zituen. Hau ez zen izan Hoffmannek historiari egindako keinu bakarra; bera izan baitzen Eva Braun Hitlerri aurkeztu ziona. Buruzagi naziaren emaztea izan zenak Hoffmannen estudioan lan egiten zuen eta.
Bere diskurtso sutsuak, beraz, ez zituzten momentuan sortutako emozioek eragin. Aurretik, karrera politikoa egitea helburu, prestakuntza lana zegoela agerian utzi zuten argazki hauek. 61 milioi hildako inguru eragin zuen 2. mundu gerra sustatu zuenaren diskurtsoak, gaur egun maniako garrasizale baten erokeria-bilduma dirudi baina 1930-1940 Alemaniako testuingururako oso estilo sarkorra lortu zuen. Historia liburuko orrietan diktadoreetan diktadoreena bezala agertzen bada ere, 1932ko uztailaren 31n Alemanian egindako hauteskundeetan nazionalsozialistek, Hitler buru, 13.574.000 boto eskuratu zituzten. Emandako bozen %38. Eta handik urtebetera egindako hurrengo hauteskundeetan 5 milioi boto gehiago lortu zituzten. Langile mugimenduaz ikasitako mobilizazio eta sinbologiaz baliatuta eta propaganda aparatu eraginkor baten bitartez, oso urte gutxian, eslaviar eta semiten aurkako arrazakerian, marxistekiko gorrotoan eta nazionalismo populistan oinarritutako estatua eraiki zuen.
Hoffmannek 1955ean “Hitler nire laguna zen” izeneko liburuan argazki hauetako batzuk argitaratu zituen baina orain urte gutxira arte ezkutuan mantendu dira irudi gehienak. Liburu honetan zera dio Hoffmannek Hitlerren gaitasun politikoaz: “Zenbait argazkitan bufoia badirudi ere, horrek erakusten du bere irudiarekin ari zela esperimentatzen. Hau da, Hitler bere garaian oso politikari modernoa izan zen”. Hitz hauek irakurrita, esan gabe doa, Hoffmann ere nazionalsozialismoaren jarraitzailea izan zela. 1957an, 72 urte zituela, hil zen eta bere bizitzaren 4 urte kartzelan eman zituen nazismoa sustatzeagatik.
1 Iruzkin
Goiko bideoaren bestelako bertsio bat heldu zaigu Facebooketik. Antzerkiaz gain kantua ere maite zuen Adolfok. Gospela, hain zuzen.
https://www.youtube.com/watch?v=PNHpFIHFWx0