Noizbait film pornorik ikusi baduzu, eta inoiz larrutan egin izan baduzu, oso ondo jakingo duzu zeinen ezberdina den errealitatea pornoaren industriak zabaltzen dituen ereduekiko. Oso era berezian, eta janariarekin jolastuz, azaltzen dizkigute alde hauek lan honetan. AEBetako New York hiriko Kornhaber Brown agentziak sortu du, eta honezkero 5 milioi aldiz baino gehiago ikusi da Youtube eta Vimeo bideo plataformetan. Ikus-entzunezkoak jaun eta jabe diren mendebaldeko gizarte honetan, saltzen dizkiguten estereotipo antzuei irribarre batekin aurre egiteko oso bideo txukuna.
Jatorrizko bideoa: youtube.com/watch?v=q64hTNEj6KQÇ
Agentzia: Kornhaber Brown
Animazioa/Grafismoa: Michael Luchhardt
Zuzendari artistikoak: Andrew Kornhaber, Eric Brown
Euskaratzea: Axier Lopez
6 Iruzkin
Ikusten dut zure bideo egokitzapenak exito handia izan duela ( http://sustatu.com/1380916175021 ), zorionak. Graziosoa da, bai. Baina ez dut oso ondo ulertzen zein den mezua. Pornoa okerra dela? Estereotipoen kontrako bideo bat da hau benetan? Ze estereotipo?
Dena dago estatistikoki azaldua, eta bueno, sexuan gehiengoen eta *average* delakoaren definizioan terreno irristakorrera goaz: zertan uzten ditugu gutxiengo sexualak? Joera, gusto, baldintzapen fisikoengatik, *average* ez den jende asko dago, bakoitza bere nitxoan askotan, armairuz betea baitago gizartea. Eta gutxiengo sexual baten parte izan barik ere, edozein izan daiteke normatik kanpokoa gauza batean edo bestean, gutxi zein asko (zorionez, ezta?).
Pornoan joera batzuk direla nagusi? Kontsumitzaileek eskatzen badute… Denetarik dago pornoan ere. Esplotazioa ez zait onargarria iruditzen, inondik ere, baina hortik aurrera, lanbide bat izatetik amateurismo askatzailera, ba denetarik. Reddit-en gusto guztietarako dago. Bideoan aipatzen den kasu batera jota: ematen du aurpegira jaurtitako ejakulazioak nagusi direla pornoan. Baliteke. Eta zer? Hori ikustea (edo praktikatzea) gustatzen zaionak oker ari dela pentsatu behar du? Nonbait emakumeen %22k bakarrik du gogoko hori bizitza errealean bideoaren arabera. Ba bueno, hala izanik kasua, egin nahi izanez gero, modu bakarra dago zuzen egiteko: galdetzea. Baina alderantziz balitz ere, %78k izatea gogoko, ez dakit horrek zer aldatuko lukeen. Orduan ere modu bakarra legoke jakiteko: galdetzea. Ala ez? Orduan, ba hori, ez dakit ze inporta duen %22k edo %78k hau edo bestea egitea… Ez dut ulertzen.
Aipatzen dituzunak ideia gehienekin ados nago baina nago ez duzula bideoa testuinguruan jarri.
– Yankeea da. Hau da, zuzen eta motz. Beraz, sexualitateaz eta pornoaz eztabaidatzea 2 minututik beherako bideo batean, alperrik.
– Bideo ez da epairik. Umorea eta katxondeo tonua nagusi da. Ez da eredu “onik” proposatzen.
– Egun, mundu mailan hegemonikoa den gizonezkoentzat egindako porno sinple eta hertsia kritikatzea du helburu. Horretarako AEBetako joera nagusiekin konparatzen ditu porno (niretzat) kutrearen elementu tipikoenak. Ez gehiago eta ez gutxiago, nire ustez. Ez du esaten bestearen aurpegia bustitzea txarra edo ona denik. Gehien jota, ez dela ohikoena uler liteke.
– Ametsak eta desirak inguruan ikusi eta egiten dugunarekin eraikitzen ditugu, eta egun komunikabideetan, (interneten gehien bat) dagoen sexu gaindosiaren atzean ezkutatzen den estereotipo nagusiaz barre egitea du helburu. Edertasun ereduekin egin litekeen bezala.
– Bestelako pornoa ere badago, Erika Lustek egiten duena kasu. Baina horrek ez du galarazten pornoaren eredu nagusiaren sinpletasuna kritikatzea.
– Bideoa 5 milioi aldiz ikusi da eta nago horretarako pentsatua dagoela: asko zabaldu, eta bide batez, enpresari ospea emateko. Beraz, izenburutik hasita, sinplifikazioa nagusi da, ideia bakar bat, umorez, indartzeko.
Teknika eta umore aldetik oso txukuna eta mezu aldetik erreza den bideo bati gehiegi eskatzen diozulakoan nago.
Bideoa teknikoki ona dela dudarik ez, eta umorea baduela ere bai. Hain zuzen ere, horretarako sortu da, agentzia kreatibo baten propaganda egiteko. Zalantzan jartzen dudana da estereotipoak haustera ote doan ala ez.
Horrez gain, nik ez dut nabaritzen komunikabideetan sexu gaindosirik, sexufobia nagusi dela oraindik iruditzen zait.
Honek nolabait gogoratzen dit Naiara Gonzalezek egin zuen Shame filmaren kritika. Ez zitzaidan gustatu protagonista “pertsona nazkagarri” gisa agertzen delako irudipen hori, eta han ere erantzun nuen susmati azalduz filmaren esanahiarekin.
http://wilderrekegingolukeenbezala.blogspot.com.es/2012/02/shame-2011-adikzioaren-infernua.html
Estereotipoak haustea baino berregarri uztea, nire ustez. 20 zentimetroko zakila izatea ez du txartzat jartzen, ohikoa ez dela baizik.
Sexu gaindosia baino egokiagoa da sexua atzean duten/iradokitzen duten irudien gaindosia. Publizitatea eta musika (bideoklipak) buru. Sexu esplizitua agertzea edo normaltasunez azaltzea beste kontu bat da, bai.
Espero dut noizbait ere bideo bat prestatzea Supermanek zabalduriko estereotipoak hausteko, umorez betiere, jendearen ehuneko txiki-txiki batek uste baitu antiojoak nortasun sekretua estaltzeko tramankulu egokia direnik, eta arrunt jende gutik lortu baitu, kapa bat jantzita, hegan egitea. Gauza horiek guziak (eta zergatik gustatzen zaizkigun) ulertzeko, “fikzio” kontzeptua interesgarria izan liteke.
[…] aldizkariko blog batean ikusi dut bideoa: New Yorkeko Kornhaber Brown agentziak sortu du, eta bi minutu baino gutiagoan, pornoaren eta […]