2008ko apirila. Barakaldoko Epaitegitik jakinarazpena jaso nuen etxean, handik pasa behar nuela esanez. Eskutitza erdara hutsean zenez, telefonoz (944001021) deitu nuen Epaitegiko Jakinarazpen sailera. Tramite hutsa zena 40 minutuko egoera surrealista bilakatu zen.
*Estreinako deia:
– (Gizonezko ahotsa) Sí, hola, buenos días. Centro de notificaciones de…
– Bai egunon, euskaraz mesedez?
– Sí, espere un momento.
Deia beste luzapen batera bideratu, telefonoa deika hasi eta bigarren soinuarekin batera deia moztu zidaten.
*Segituan berriz deitu nuen:
– (Emakumezko ahotsa) Hola buenos días. En qué puedo ayudarle?
– Bai, euskaraz egiterik bada?
– Ehmm… es que orain nik ezin dut…. orain telefonoz hitz egiten ari naiz, nahi baduzu deitu 10 minutu “lehenago” (sic).
– Bale ba, ondo da.
– Venga! (sic)
*10 minutura 3. deia. Beste emakume batek erantzun.
– Buenos días, centro de….
– Hola, egunon, euskaraz mesedez?
– (Doinu zakarrez) Lo siento pero yo no sé euskera asi que como comprenderás yo no puedo atenderte. Si quieres llama más tarde.
Neuk erantzuteko astirik laga barik, deia eten zidan agurtu gabe.
*Minutu batzuen buruan 4. deia. Oraingoan beste gizon bat.
– Hola, buenos días, centro de…
– Bai, egunon, euskaraz bai?
– A ver… QUÉ COJONES ME ESTAS DICIENDO!!! (oihu batean)
Espero ez nuen erantzun zakarrak gaindituta isilik geratu nintzen segundo pare batez. Nire onera itzuli, eta erantzutera nindoala, 2. deiko emakume “euskalduna” sartu zen deian arrapaladan. “Barkatu, barkatu eta barkatu…” lantaldean oso hizkera zakarreko jendea dagoela eta behin eta berriz barkatzeko. Nire sumina baretu ondoren ekin nion deiaren arrazoia azaltzeari. Detaile eta argudio gehiago eman nizkien baina laburbilduta hauxe: “Eskutitza jaso dut Justizia Epaitegira joan behar dudala esanez. Testua gaztelania hutsean dagoenez, testua euskaraz jaso arte ez naizela epaitegira joango esateko deitzen dizuet.”
5 minutuko nire azalpenaren ondotik hara emakumeak erantzundakoa: “Orduan…. ehmmm….udaletxetik deitzen ari zarela diozu, ezta?” Telebistan ohikoak diren broma txarren aukera alboratuta, eta egoeraren surrealismoaz jabetuta, atzera ere ekin nion dena azaltzeari. Oraingoan baina, AEKko lehenengo mailako irakaslea banintz bezala. Luze eta kostata, egoera kafkiar horri amaiera eman zion haren lantokian euskaraz dakiten 4 edo 5 pertsona badirela esanda. Eta ez kezkatzeko, “zu lasai etorri, esan euskaraz egin nahi duzula eta bilatuko dizugu bat”. Zoologikoan bezala, animaliarik arraroena non den galdetu eta erakutsiko dizutenaren sentsazioaz amaitu genuen solasaldia.
Gertaera hau, orain 4 urte gertatu zitzaidan. Euskara Barakaldon ofiziala zela 30 urte betetzear zegoela. Osotasunez ikustea oso gaitza den itsaso zabal batean beste tanta bat, finean. Gure herriko hizkuntza-zapalkuntzaren historiaren mendi garaian beste harri txiki bat, besterik. Horregatik pozgarria da oso, lan kolosal horri ekiteko oraindik ere nahia, eta batez ere kemena, dagoela ikustea. Izan ere, goian jaso dudan gertaera da Dabid Anauten “Euskararen kate hautsiak – Hizkuntza zapalkuntzaren memoria ” liburu berrian agertzen den ehunetako bat. Euskararen aurkako estrategiak gaur egunera arte utzi duen lorratza jasotzea du helburu, Euskal Memoria Fundazioaren babespean argitaratutako liburuak.
Galtzaileen historia irabazleak idatzi ohi du. Euskalduntasunaren azpiratzearen historia, guk geuk kontatua izan dadin, ikerketa eta dokumentazio lan eskerga egin du Anautek. Orain arte geografikoki oso zehatzak izan diren lanak, edo garai jakin bati lotuta egindako kronika isolatuak bildu , dauzkagun lekukotasun guztiak ordenatu eta gogoeta berriak gehituta ondu du liburua burlatarrak. Hizkuntza-zapalkuntza oinarri hartu du baina euskararen egoera makurrak gainditzeko herritarrek emandako erantzunean ere azentua jarrita. Izan maila pertsonalean zein modu antolatuan ere. Gure biziraupena, herri honen egiazko sekretu eta miraria ulertzeko gakoak bildu ditu horretarako. Bi estatuek euskara desagerrarazteko ahalegin antolatuen bidaia liburua; Erdi Aroko hastapenetatik, frankismo garaiko astakerietan geldialdia eginez, gaur egungo molde sofistikatuetara heltzeko. Gutxiespen sentimendua, norberaren buruarekiko mespretxua, zein hizkuntza politika erasokorrak aletuz.
Atzo Donostian aurkezpen ekitaldia egin zen euskalgintzaren ordezkaritza zabalaren laguntzaz. Mila orri inguru eta 2 kiloko pisua dituen liburu mardulak ez du iraganari begiratu soila izan nahi. Ezta sufrikarioen zerrendatze hutsa ere. Ahalduntzerako ziria izan nahi du. Euskaldunok historia osoaren jabe izanik, eta ez bestela, gertuago izango gara euskararen gatazkaren konponbidetik. Pentsamendu horrekin idatzia da liburua, eta bide horretan mugarri eta erreferentzia garrantzitsua sortu dute Euskal Memoriako kideek. Zentzu honetan kokatu behar dugu aurkezpen publikoa Aieteko Jauregian egin izana. Memoriaz, biktimez, erreparazioaz eta berriro ere ez gertatzeko bermeaz mintzo garen garai hauetan. Gure herriaren kronika, errelato edo kontakizunean euskara ez dadin, berriz ere, etxe barruko afera izan.
1 Iruzkin
Bai naski euskara ko-ofiziala dela esanten digute Franco hil zenetik; hortaz Euskaldunen kexek, eskaerek eta borrokek ez dutela merezi. Hipokrita hutsak dira; bitartean Espainera babesteko legea egin zuten, Espainiera hil zorian bailitzan! Euskara inposatu nahi dugula diote, zazpi herrialdeetan frantsesa eta gaztelera mendeetan zehar inposatzen duten bitartean. Barakaldoko kasuan hobe izanen zen euskaldun bat berehala agert zedin, hemengo herriaren nortasuna eta esistentzia errespetatzeko. Kanpotarrengandik okerrago entzun nituen: Euskara hizkuntza asmatua dela; ETAko hizkuntza dela; lankide batek harritu zen ingelesezko testu bat euskaratu nuela adiarazi niolarik: ” Mais il doit manquer du vocabulaire / Hiztegia eskas daiteke.
Euskararen aldeko borroka hasi arren, oraindik gogorrago izan behar da. Bainan izan gaitezen bizkor: Judutarrek eta Belgikako neerladerdunek jo eta ke lortu dutena lort dezakegu.