Mundu modernoa hankaz gora jarri zuen gerraren 100. urteurrena ospatuko da aurten. Gerra Handia, Gerren Gerra, Gerra Guztien Ama edo Gerra Guztiak amaituko zituen Gerra deitu izan zaio Lehen Mundu Gerrari. Ipar Euskal Herrira hondamendia ekarri zuen guda odoltsu honek 5 urte iraun zituen eta abuztuan 100 urte beteko dira 10 milioi heriotza eragin zituen gatazka piztu zela. Itzal handia izango duen gai honi buruz sarean arakatzen ari nintzela goian duzuen mapa horrek nire arreta bereganatu zuen. Lehen Mundu Gerran rol nagusietako bat jokatu zuten britainiarren historia inperialista begiratu azkar batean azaltzen du irudiak. Munduaren gaur eguneko egituraren arabera 200 estatu inguru daude eta 22 baino ez dira britainiarren atzaparretatik libre. Hau da, munduko herrialdeen %90ek britainiarren eraso bortitza jasan du historiaren uneren batean edo bestean.
Informazioa Stewart Laycockek idatzitako All the Countries We’ve Ever Invaded (and the Few We Never Got Round To) (Inoiz inbaditu ditugun herrialde guztiak (eta hurbildu ez garen apurrak) liburutik lortu dugu. Liburuaren sarreran halaxe dio egileak: “2012an Nazio Batuen Erakundeko kide ziren 193 herrialdeetatik 171k Britainia Handiaren inbasioa edo nolabaiteko kontrola sufritu dute”. The Telegraph egunkari ingelesak orain urtebete egin zion elkarrizketan Laycockek ondorengoa azpimarratu zuen: “Munduko beste zenbait herrialderi buruz honen moduko liburu bat idatz liteke. Motzagoak lirateke ordea, ez baitut uste britainiarrek egindakoa berdindu dezakeenik inork. XX. mendean amerikarrek ildo horretan lan eskerga egin badute ere, historiari erreparatuta, Britainiako Inperioaren mailara hurbiltzen den bakarra Frantzia da.”
Mapari erreparatuz gero, Europan oso estatu txiki eta berriak baino ez direla salbatzen argi ikusten da, Vatikano ukiezinarekin batera. Asian eta Afrikan egoera ez da oso bestelakoa, lurralde eremu handiak izanagatik ere salbuespenak oso urriak baitira. Eta Amerikaz zer esan? Espainiarrek XVI. mendean hasitako konkista odoltsuaren ikasle oso aurreratuak izan dira britainiarrak gaur egunera arte. Historian atzera egin gabe egun ikus dezakegu inperialismo britainiarraren eragina Amerikako mapa ofizialetan ere: Karibean Turkak eta Kaikoak, Aingira, Montserrat, Kaiman, Bermuda eta Birjina uharteen okupazioak kasu. Argentinarekin gerra piztu zuen Malvina irlen kasua ahantzi gabe. Itsasoz gaindiko baliabide naturalen lapurreta honek Bolivia, Paraguay eta Guatemala baino ez ditu lotu gabe utzi gaur egunera arte luzatzen den inbasio britainiarren sokak.
Laycockek berak onartuta, liburuan aipatzen dituen zenbait herrialderen kasuak eztabaidagarriak izan badaitezke ere, inperialismoaren sena geneetan sartua duen britainiar klase politiko eta ekonomikoren interesak zeintzuk diren gogorarazi dizkigu. Egungo demokrazia parlamentarioaren mozorro publikoaren atzean pilatzen den sufrimendu neurgaitza oso era grafikoan erakutsi du mapa horren bitartez. Baliagarria izan dadila denon oroimenean iltzatuta geratu zaizkigun Irak, Afganistan, Libia edo Siriako eraso inperialisten irudiak errepika ez daitezen.
1 Iruzkin
Horixe: “Egungo demokrazia parlamentarioaren mozorro publikoaren atzean pilatzen den sufrimendu neurgaitza oso era grafikoan erakutsi du mapa horren bitartez.”
Hemengo komunikabideak Libian “erregimen” bat zegoela, Sirian, Iran, Errusian, Txinan… “erregimenak” daudela esaten diguten bezala. Putin, Al Assad… oso gaiztoak dira.
Bitartean, munduko Estatu inperialistenak, hiltzailenak eta basatienak; batez ere Estatu Batuak eta Europar Batasuna, ez dira “erregimenak” agian sarraski handiagoak eta diktadurak eta gobernu txotxongiloak haien mugetatik kanpo bururatzen dituztelako.Mendebaleko inperialismoaren estatuak “demokrazia” direla azpimarratzen digute hemengo komunikabideek.Obama bezalako hiltzailea (4.000 hildako inguru solik dronekin) estatu buru errespetagarri moduan agertzen da ia beti. Putinek esaten duen bezala, inbidia apur bat zion Obamari, nahi zuen guztia egin dezake (baita mundu osoa espiatzea ere) eta hala ere dohainik ateratzen zaio dena.
Hemen mendebaleko inperialismoarekin pairatzen dugun morrontza ideologikoa ez da euli kaka.