Inoiz kazetari lanetan aritu denak jakingo du zertaz ari naizen: erreportaje bat idatzi duzu, demagun bi orrikoa, eta orain lau hitzeko titularra jarri behar diozu. Eskuak izerditan hasi zaizkizu, badakizu zeure arrakasta –irakurleren bat izatea– hitz horien araberakoa izango dela. Destilatze lana da: irakurlea mozkortuko duen hitz xirripa gainontzeko putzu-berbetatik bereiztea. Bada, kazetariok titular galduaren bila horrelakoak izaten baditugu, pentsa liburu berriari titulua jarri behar dion idazlearen loak zein txarra behar duen. Edo ez hainbeste? Literaturaren historia underground-ak erakusten du editoreengatik izan ez balitz, begietan min emateko moduko izenak izango zituztela liburu batzuek.
Francis Scott Fitzgerald idazle handia zen, baina eskerrak norbait bera eta inprentaren arteko bidean gurutzatu zela “aldaketatxo” batzuk egitera. Bere liburuei jarritako titulu negargarri askoren adibideak daude, baina beharbada deigarriena Gatsby handia-rekin gertatutakoa da. Scott Fitzgeraldek hainbat titulu izan zituen buruan bere liburu ezagunena izango zenarentzako: Trimalchio, Trimalchio West Egg-en, West Egg-era bidean, Gatsby urrezko kapelaz, Errauts pilen eta aberatsen artean eta Punpa altuko maitalea.
1924. urtea, azaroaren 7a. Scott Fitzgeralden gutuna Max Perkins editoreari: “Hasieran jarri nian tituluari eustea erabaki diat (…) Trimalchio West Egg-en”. Perkinsek Zelda Fitzgeralden laguntzarekin lortu zuen konbentzitzea: ezetz, lausoegia zela titulua, jendeak ez zuela ulertuko, hobe zela Gatsby handia. Abenduan idazleak amore eman zuen, editorearen eta inguruko guztien osasunerako. Baina ez fidatu inoiz idazleekin, egoskor jartzen direnean igogailuan tiroka ibiltzea baina arriskutsuagoak dira: liburua publikatu baino hilabete lehenago, azken errebisioen ondoren, Scott Fitzgeraldek izena aldatu nahi izan zuen berriro, Gatsby urrezko kapelaz edo Trimalchio huts hutsean jartzeko.
Perkinsen erantzuna: “Ez”.
1925eko martxoaren 19an azken burutazioa izan zuen Fitzgeraldek, geniala. “Eta liburuari Gorriaren, zuriaren eta urdinaren pean jartzen badiogu?”. Berandu zebilen eta ez zuen ezer lortuko harrez gero. Liburua makinetara zihoan, zorionez Gatsby handia tituluarekin. “Titulu garbia da, txarra, ona baino” izan zen idazlearen sententzia.
Baina, eta lortu izan balu? Arrakasta bera izango ote zuen nobelak beste titulu batekin? Zenbateraino eragiten du izenak izanean? Ez dakit ba.
Dena dela, eta honaino irakurtzeko umorea izan duen editoreren bat baldin badago, jakin eskertuko nukeela euskal literaturan tankera honetako anekdotak izan diren edo ez jakitea. Ranking bat egiteko ere emango luke, bidean geratutako titulu txarrenekin. Egileen izenak aipatu gabe noski, %100 diskrezioa. Blog honen bidez kontaktatu dezakezue nirekin…