No, you can't: Obamak ez du CIA aldatuko

Gorka Bereziartua
0

Leon Panetta, CIAko buru berria
Leon Panetta, CIAko burua

Leon Panetta aukeratu zuen Barack Obamak urtarrilean, CIA zuzentzeko. Haren profilak bat egiten du, itxuraz behintzat, AEBetako presidente berriaren aldaketa mezuarekin: lehenago inteligentzian aritu gabea, gogor salatuak zituen Washington Monthlyko artikulu batean Bushek katamalorik gabe bultzatu dituen tortura programak. Baina jarri dute agentziako buru…
… eta ikasi du: “esan” eta “egin” artean, handia dela tartea. Hasi eta berehala boxeo zakuak baino kolpe gehiago jaso ditu Panettak. Bera ez zen lehenengo hautagaia: John O. Brennanek bete behar zuen postua. Baina haren izena agertu eta berehala zabaldu ziren kritikak. Zera adierazi zion Brennan-en lagun batek The New Yorker astekariko kazetari bati: “Cheeto-jale batzuk hasi ziren, sotoan, galtzontzilotan, euren blogetan idazten; Brennanen kontrako arrazoiak botatzen; eta Obamaren administrazioak aurreneko ke seinalea ikusi zuenean tira zuen bere izena. Gero, mota bateko jende guztia baztertu zuten: agentzian azken hamar urteetan egon den inork ezingo luke blogarien testa pasa”. Egiten duen beroagatik galtza motzetan eta San Jeronimoko patata batzuk eskura, boteretsu sentitzen naiz. Baina hel diezaiogun mamiari:
Panetta, beraz, tipo “garbia” delako aukeratu dute, ez bere esperientziagatik. Baina esku zuriek, CIAri buruz ari garenean, zenbat lagun dezakete iraganeko trapuak garbitzen? Agentzian gora iristea bezain garrantzitsua baita orekari eustea. Horretarako gakoa? Bazterrak gehiegi ez nahastea. Segurtasun politika aldatu da, ados: Guantanamo, kartzela sekretuak… Badirudi Obamak garbiago jokatu nahi duela soro horietan. Baina jarrera oso neurtua izan du errudunak epaitzeaz berba egin duenean. “Atzera begiratzeko” gogorik ez duela adierazi du. Alegia, inork ez dituela ordainduko zorrak.
Epaitu ez, baina… beraiekin lan egin? Panettaren aholkulari askok harreman zuzena izan dute Bushen urteetan bultzatutako tortura programekin. Eta hala ere, ez dituzte paretik kendu. Gorde izen hau: George Tenet. Bera izan zen CIAko buru 1997tik 2004ra, eta berari zor zaizkio, besteak beste, Galdeketa Teknika Hobetuak (to eufemismoa). Tenet joan zen, bere garroak ez. Eta sabaia ukitzen dute agentzian: Stephen Kappesen bulegoa Panettarenaren ondoan dago (CIAko bigarrena denez, ezin bestela izan); eta hori, jakinda Kappes izan zela CIAren terrorismoaren kontrako zentroko buruetako bat, noiz eta atxiloketa eta galdeketa programa basatienak martxan jarri zirenean. Gorago aipatu dugun John O. Brennan, agentzia zuzentzeko kutsatuegi ei zegoena, Segurtasun Nazionalerako Aholkularia da; hau da, Obamari aholkuak ematen dizkio terrorismo gaietan. Hau da: Obama kutsatzen du. Ezta?
Lagun berriek, antza, Leon zintzoaren iritziak ere aldatu dituzte. Sarreran lotura bat jarri dugu, CIAko buru berriak torturaren aferaz idatzia, duela urtebete. Titulutik argi: “Torturarik ez, salbuespenik ez”. Nola aldatzen diren gauzak. Orain, zera dio: “Benetan errespetatzen ditut galdeketen kontuan sartuta egon behar ez genuela diotenak, baina gure lana egin behar genuen. Ez dut uste zigortu behar dudanik bere eginbeharra betetzen ari zen jendea”. Eginbeharra torturatzea denean ere ez? Ba, ezetz ematen du. Salbuespenik gabe, denek jarraituko dute lanean.
Beraz, CIAn ez da gauza handirik aldatuko. Inork ez dio azalduko Khaled el-Masri auto saltzaile alemaniarrari zergatik Mazedonian oporretan zegoela atxilo hartu, Afganistanera eraman eta bost hilabete pasa zituen; katez lotua, batzuetan biluzik, zelda izoztuan, oherik ez, mehatxuak… Ustezko terrorista baten izena eta berea antzekoak ziren. Agentziakoak nahastu. Eta okerraz jabetu ziren atxiloketa izan eta aste batzuetara… Baina ez zuten askatu, kontuaz arduratzen zen ofizialak ez zuelako nahi. 149 egun behar izan zituen el-Masrik libre izateko. Lehenago askatu ez zuen ofiziala? Ondo. Orain kargu hobea dauka: meritua.
Kontu horiek, eta askoz gehiago bildu zituen Jane Mayer kazetariak The New Yorker-eko ekaineko ale batean. Erreportaje luzea da (bederatzi orri), baina kazetaritzarekin afizioa sortzen duten horietakoa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA