Ekonomiak nobela bat ezinezko egiten duenean

Gorka Bereziartua
0

'Camino de Trincheras', Kari Hotakainen (Meettok, 200/)
'Camino de Trincheras', Kari Hotakainen (Meettok, 2007)

Gauzak doazen moduan berandu baino lehen norbaitek, Theodor Adorno imitatu nahian-edo, esango du du: “Nobela gehiagorik ez subprime hipoteken ondoren!”. Izan ere, aditu gehienek baieztatzen dute –Wikipediak ere bai– nobelaren hazkundea burgesiaren zabalkundearekin bateratsu gertatu zela. Beraz orain, kapitalismoa behingoz jarriko denez hankaz gora lotsak airean, eta etorriko denez, aurreikuspen itxaropentsuenak gaindituz, gizarte berdinzale berria, klaserik gabekoa, eta piruleta kolorekoa, pentsatzekoa da nobela ere desagertu egingo dela mundutik sekulako eta betiko.

Horrelako kontuak neuzkan buruan, goizeko kafea entzuten eta irratia dastatzen. “Etxebizitzen prezioak behera berriro”. Nobela mota bat behintzat, hau, gaur luzamendu askoren ondoren komentatzera goazena, ezinezko bihurtzen du albisteak.
Camino de trincherasen istorioa, domestikoa da: emaztearekin liskarra izan, banandu, eta familia bere onera ekartzeko txalet bat erosi beharrarekin egoskortzen da protagonista. Nolabait, finlandiar arruntaren amets burges txikia erretratatzen asmatu zuen Hotakainenek nobelarekin, ironia finez eta egoera absurdo ugarirekin. Finlandiako fruta gozoak ere barruan harrak izaki, hipoteka garestiegiak ordaindu nahi ez dituenez, Matti Virtanen izeneko protagonistak dirua aurreratzeko bide “alternatibo” batzuk bilatuko ditu.
Eta jakin nahiko zenuke, ea Mattik orain, 2009an, zer egingo lukeen familia berreskuratzeko. Etxebizitzak merkeago bai, baina berak beharbada ez luke lanik izango. Baina agian emazteak ere ez zuen alde egingo, beste etxe bat pagatu ezinda… Lubakiak aldatu direla alegia, sakonago egin. Eta nobela hau jada iragana da; nola bizi izan ginen erakusteko egokia, hala ere.
[ARGIAren 2192. zenbakian argitaratua]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA