(Barka, aldez aurretik, auto-erreferentzia eta zilborkeria)
Ari zara Kritiken Hemerotekan zer edo zeren bila, eta nahi gabe orain dela urtebete astekarian egin zenuen liburu kritika batekin egiten duzu topo. Juan Garziaren Itzalen Itzali buruzkoa da. Irakurtzen duzu, eta esaldi batek irrist egiten dizu: “Anjel Lertxundiren Otto Pette lako mugarria argitaragabe zegoen 1993an (…) Itzalen itzalek langa jarri zuen, ondoren etorri ziren lanek uste baino askoz gorago zegoela ikus zezaten”. Baina ez dakizu zerk huts egiten duen. Eta beraz, zure kritika gehiago leitzen jarraitzen duzu.
Eta topo egiten duzu orain arte idatzi duzun azkenarekin, Inazio Mujikaren Azukrea Belazeetani egindakoarekin. Eta beste esaldi bat, eta berriz ere laprast: “Gero etorriko zen Obaba. Baina hara iristeko, uste dut ezinbestekoa izan zela Uheskako zulotik, Perretxetik eta Olamuinotik pasatzea”. Hau da, Atxagak Obabakoak idatzi baldin bazuen, lehenago Azukrea Belazeetan bezalako liburuak izan genituelako dela iradoki nuen, orain dela hilabete (!) baino ez.
Bueltaka-bueltaka, ikusi dut azkenean zerk egiten duen huts bi kritiketan: halako determinismo historiko baten kiratsa daukate biek. Gutxi gorabehera, honako narratibari jarraitzen diote: Euskal literaturak badauzka mugarri batzuk > Otto Pette eta Obabakoak mugarriak dira > Horiek argitaratu baino lehen ildo berean egindako lanak badaude (Itzalen Itzal eta Azukrea Belazeetan) > Ergo, Garziaren eta Mujikaren liburuak, mugarrira iritsi aurreko bidearen parte dira.
Eta narratiba hori faltsua da. Zergatik? Aurreikusten duelako, beti 2008tik edo 2009tik noski, Lertxundik Otto Pette eta Atxagak Obabakoak idatzi behar zituztela. Historiak (helegite oro onartzen duen Jainko horrek) agintzen zuen, eta beraz irakurlegoa prestatu behar zen. Esan beharrik ez dago, faltsua izateaz gain, oso errespetu gutxikoa da Garziaren eta Mujikaren liburuekiko.
Bihoaz, mezu honekin batera, nire barkamenak. Apaizak esan dit, horrekin eta bi aitagure eta hiru abemaria errezatzearekin salbazioa irabazia izango dudala. Hori bai, bolada batean literatur kritikarik ez egitea aholkatu dit. Eta apaizari, kasu egin behar zaio.
5 Iruzkin
Apaltasunez, uste dut zure kritikaren autokritika erratua dela, hein batean. Alde batetik, nik ez dudalako paralelismo handirik ikusten “Itzalen itzal” eta “Otto Pette”ren artean. Nik uste dut obra zeharo ezberdinak direla. Eta, niretzat (baina hau kontu pertsonala da noski) “Itzalen itzal” “Otto Pette”ren gainetik dago.
Beste kontuari dagokionean, errakuntza natura ezberdinekoa da, nik uste. Kasu horretan “Azukrea belazeetan” eta “Obabakoak”eko zenbait ipuinen artean nahiko argia dirudi. Baina ez da ahaztu behar “Obabakoak”eko ipuin dezente zirkulazioan zeudela “Azukrea belazeetan” argitaratua (eta, susmoa dut, idatzia) izan aurretik. Istorioa, kronologiaren ikuspuntutik, konplikatuxeagoa dela, alegia.
Dena den, nik, apaizak ez bezala, ez dut uste kritika egiteari utzi beharko zenionik. Oso ideia ona iruditu zait, hasi zinenetik, Argia-ko zure “erreskatatu” horiena.
Arranopola, Gorka! Gogor heldu diozu ba, fustari, latigoari, edo dena delakoari. Kritikoak autokritikoa izan behar du, jakina, eta eskertzekoa da egin duzun auto-aztertze ariketa. Hala ere, ez nator bat fustigazioaren zatiarekin, uste dut ez dela beharrezkoa. Esan nahi dut zilborrari kritikoki begiratu behar zaiola, baina zuloa handitu gabe.
Inoiz literatur kritikaren bat idatzi izan dugunok hain estu hartuko bagenitu geure buruak, zaude ziur, euskal literatur kritikarik ez litzateke existituko. Jakina, akats ugari egin izan ditugu (determinismoa, amigismoa, ignorantismoa, begimotzismoa, korrikismoa…) baina baldintzak ere ez dira onenak izan (inbisibilitatea, merkatu-katea, karitatea, prekarietatea…)
Horrexegatik, eta neronek ere kritikagintza aparkatu dudan arren, pena emango lidake zure kasuan latigoa balitz kritikak uzteko akuilua.
Kritikari kritikoak behar ditugulako. Auto-kritikoak bai, baina pasa gabe.
PS: Bide batez, azken puntuan bat nator Iban Zalduarekin: erreskatatuena oso ideia ona da, eta lastima litzateke hori galtzea.
Aupa Iban:Itzalen itzal eta Otto Petteren arteko harreman ezarena ere jartzekotan egon nintzen testu honetan, idatzi nuenean ez bezala, orain ez baitut hain argi (batere) ikusten batak eta besteak non duten antza. Eco aipatzen nuen lotura gisa, baina nahiko indarka sartu zela uste dut. Dena dela, determinismoaren kontua huts handiagoa iruditzen zait zuk aitatzen duzuna baino; ze, erreferentziekin huts egitea humanoen kontua da, baina kronologia bat “hala behar zuelako” gertatu zela esatea, Jainkoei dagokie, edo soziologo eskasei nahi bada, baina ez niri.
Bestalde, Obabakoakeko ipuinak “zirkulazioan” zeudela diozunean, zer esan nahi duzu? Liburua hortxe 88-89an-edo argitaratu zela uste nuen… Izango da hor ere ez dakidan zerbait. Kontua da garai hartako nire liburu gogokoenak Teorenak zirela, edo igual Pinta y coloreakoak.
Iepa Ion: Kritikak gehiago ez egitearena ez da, ezta hurrik eman ere, honengatik. Blog hau jarraitzen dutenek ondo asko dakite ez dudala problema handirik asko pentsatu gabeko testuak publikatzeko. Baina kritikekin denboraz oso larri ibili izan naiz joan den kurtsoan, eta, batez ere, hobeto egingo duen jendea badago. Beraz, pentsatu nuen, zu orain zauden lekuan esango luketen bezala “het lijkt tijd om weg te gaan”. Eta horixe egin dut.
Biei: mila esker kritika horiek ez uzteko esateagatik. Erreskateena Amaia Alvarez Uriaren ideia izan zen, eta bai, ideia ona da dudarik gabe (bide batez, Amaia, eskerrik asko). Beste moduren batera hori mantentzeko bidea aurkitu behar dut orain. Baina nik, apaizekin edo gabe, gauza gehiegi dauzkat batera!
Bai horixe, Gorka. Joateko garaia ikusten duenari nekez aldaraziko diogu gogoa (parrandetan gertatzen ez den bezala: “bazoazela? ez, ez… zu ez zoaz inora!”)
Eman gogor too much pressure horri, eta badakizu, kom terug alsjeblieft!
besarkada bat
Bueno, baina ni ez nintzateke hainbeste autoflagelatuko, Gorka: azken batean, historizismorako oso joera naturala daukagu, halakoak azaltzen hasten garenean.
Beste kontuari dagokionean, nahikoa ezaguna zela iruditzen zitzaidan, horregatik ez dut sakondu: “Obabakoak”eko zenbait ipuin argitaratuta zeuden jada lehendik, solte, Atxagak liburuan elkartu zituenerako. Sari batzuk irabaziak zituen ordurako haiekin, oker ez banago. “Camilo Lizardi”, Obaba aipatzen zen lehenengo ipuina, 1982koa da, eta ezaguna zen, hainbeste ezen Xabier Montoiak spin-off parodiko moduko bat egin ahal izan baitzion jada 1983ko Susa aldizkariko ale batean…
Hots, Inazio Mujikak ziurrenik ezagutzen zuen Obabako mundua “Azukrea belazeetan” idatzi zuenean. Bi lanak desagertzen ari den edo “badoan” landa mundu tradizionala dute ardatz (garaiko beste batzuek bezala, bestalde). Ez diot horrekin meriturik batere kendu nahi “Azukrea belazeetan”-i, inola ere: liburu ikaragarria da, “Obabakoak” existitu ala ez. Are gehiago kontuan hartzen badugu 23 urteko egile batek idatzi zuela (gaur egungo 23 urteko zenbat euskal idazlek aldarrikatu dezakete horrenbeste?). Baina kontua konplikatuxeagoa dela nioen, horregatik: Obabako mundua ari zelako jada gorpuzten, euskal literaturan, “Obabakoak” (1988) eta “Azukre belazeetan” (1987) bera argitaratu aurretik.