Txoritxo batek esan dit (bai espresio kurtsia ez?) Euskadi Irratiko programa batean blog honetaz berbetan entzun zuela norbait (ez dakit haren ponteko grazia). Eta aipatu omen zuen, arrazoi handiz, azkenaldian literaturaz gutxi ari naizela eskribitzen. Irakurle bat galtzea asko galtzea iruditzen zait, eta beraz, azkena leitu dudan liburuaz ariko naiz gaurkoan: Claudio Magrisen Alla ciecari buruz (frantsesez À l’aveugle; espainolez A ciegas; euskaraz Itsu-itsuan edo Itsumustuan edo… itzulpenik ez dago, ez eskatu zoragarrikeriarik niri).
Nobelako aurreneko hitzak 1988an idatzi ziren arren, 2005era arte ez zuen argia ikusi Alla ciecak. Magrisek elkarrizketaren batean azaldu du zergatia: “Istorio hau mendearen barrunbeetara bidaia da, eta egitura arazo erraldoiak ditu istorio asko bakarrean bildu nahi izateagatik: itsasoaz asko hitz egiten duen gizon bat, hainbeste abentura, hainbeste istorio… Hain zuzen, nire arazoa hori guztia batera jartzea zen, eta horregatik behar izan zituen hainbeste urte liburuak”.
Idazteko hartu zuen denbora luzeagatik baino ez bada ere, azaletik pretentsio handiko obra dirudi. Eta nobelan aurrera egin ahala konfirmatzen da ustea: bizkarrezurrik gabeko testua da, lotu gabeko puskaz osatua eta bi buruko pertsonaia nagusiaren bidez kontatua —narratzailea aldi berean da Salvatore Cippico komunista zaharra eta XIX. mendeko Jorgen Jorgensen itsasgizona—. Iraultza eta amodio frustratuen argazkiak eskaintzen ditu kontalariaren letania luzeak. Geografikoki ere, zentrorik ez: Islandiatik Australiara, Italiatik, Yugoslaviatik, Ingalaterratik, Espainiatik pasaz, inon heldulekurik aurkitu gabe; erdiko kapitulu laburretan estilo lirikoagoan idatzita badago ere, orokorrean testu kaotiko samarra da.
Printzipioz, gustatu egiten zaizkit linealak ez diren kontakizunak, egitura fragmentarioak, pertsonaia eklektikoak, parte-hartzea eskatzen didaten nobelak. Baina behin liburua bukatuta, halako hutsune bat geratu zait Alla ciecarekin; sentsazioa, irudi gehiegi eskaini dizkidatela bata bestearen atzetik, eta mamirik, aldiz, batere ez. Gainera, pasarte batzuetan moralkeria eta autoflagelazio post-komunista gehiegizkoak iruditu zaizkit —kontu ideologikoa, noski—.
Agian asmoa zen handiegia, eta abiapuntutik ezinezkoa zen liburua portura osorik iristea. Brankako irudia eta ohol batzuk iritsi dira; gainontzekoa, zati-zati eginda, itsasoak irentsi du. Menturatu izana eskertu beharko zaio Magrisi; hurrengoan beharbada?
1 Iruzkin
[…] Nobela fragmentario bat, zati-zati eginda porturatzen […]