Eta moderno: hedabide handietan homologagarri. Barack Obamak erabili zuen aurrena 2.0 etiketa marketin politikorako; etorri ziren atzetik imitatzaile probintzianoagoak, Patxi Lopez kasu, Twitterren jarraitzaile faltsu eta guzti; baina, hala ere, hedabide handiek ontzat eman zuten. Eta “aldaketa” giroan gaudenez, eta “aldaketa” oro Interneten eskutik datorrela sinetsita, hara nor igo den teknologia berrien trenera: Jose Ignacio Munilla.
Gaurko El Mundon elkarrizketatu dute, dena xaboi eta azukre, gotzain ultraeskuindarra. Begira sarreran nola erretratatu duen kazetariak:
Monseñor Jose Ignacio Munilla llega a la entrevista con algo de retraso, procedente de un compromiso anterior, con su boina Elosegi calada (…) y el portátil en la mano. ‘Sin el ordenador soy hombre muerto. No sé cómo Uriarte y Setién podían vivir sin él’ comenta
Eta barruan, “nola-gustatzen-zaidan-galdera-hori-entzutea” tankerako itaun bat:
Por estos lares no se recuerdan homilías de obispos que suscitaran carcajadas. ¿Es el obispo del cambio?
Baina, hara, ondo iruditzen zait El Mundok egin duena: Munilla bezalako bele beltza informatikaren bidez progre bihurtu nahia ezinezko operazioa da (Jose Bonok —ederra bera— esan berri du “oso eskuinekoa” iruditzen zaiola gotzain berria). Lortzen duen gauza bakarra da, batere nahi gabe, antzeko operazioak (Obama, Lopez, sortuko diren berriak) ere dudazko bihurtzea.
Pernandoren egia baita, baina komeni da batzuetan gogoraraztea, ziminoa, Interneten ere zimino dela… Eta kasu honetan zimino homofobo, abortuaren aurkako eta espainoltzalea.
2 Iruzkin
txundituta utzi nauena, barka, “ziminoarena” da.
Esaera zaharrak dio: “Ziminoa xapeletan ere zimino”. Gaztelaniaz baditu baliokideak: “aunque la mona se vista de seda, mona se queda”; edo, zuhaitzetatik monastegira jaitsita, “el hábito no hace al monje”. Nik aldaera kaxkar bat egin nahi izan dut, ziminoa xapeletan ordez ziminoa Interneten jarriz. Dena dela, ziminoekin benetan txundituta geratu nahi baduzu, agian beste honetara jotzea izango duzu hobe…