Guggenheim Urdaibai, Dubai

Gorka Bereziartua
0

Urdaibai Dubai
Urdaibai Dubai

Herritar plataforma bat sortzean, gauzarik zailenetakoa izena asmatzea da. Argi geratu behar da defendatu nahi den kausa; baina, era berean, jendea erakarri. Eta gaur egun, erakargarria esatean, arina esaten da; modernitatearen karga kontzeptual astunak gainetik kentzen dituena; kosmopolita; konpromisoa baino, atxikimendu librea bilatzen duena. Eta piruletak, piruleta asko; eta koloretako globoak, pegatinak. Horiek denak buruan izango zituzten Urdaibain Guggenheim museoa egitearen alde sortu den plataformakoek.
“Guggenheim Urdaibai, Gu Bai” izenarekin bataiatu dute. Logotipoa ere, aukerakoa: natura salbaiaren argazki idiliko bat, estetika minimalez beztiturik.
Baina gehiegi garbitzeagatik laburtuta geratu den kamisetan 200 kiloko gizasemea sartzean bezala, “Gu Bai” estu batean Guggenheim osoa sartzeak itxura txarra ematen dio proiektuari. Gilborra eta gantza ateratzen da alde guztietatik. Eta batzuk eskertuko genuke mutil gizena, museoa alegia, arropa zabalagoz janztea, informazio gehiagoz, esan nahi da. Ideia bat edukitzea proiektuaren nondik norakoez.
Hori egiten ez bada, plataformak esku-eskura dauka beste izen bat, oso kosmopolita, mundukoa, modernoa eta Guggenheimak bultzatzen duen eredu urbanistikoarekin lotura handiagoa duena, beharbada. Hona nire proposamena: “Guggenheim Urdaibai, Dubai”.
Hartu eta erabili libre. Doan aterako zaizue, museoa ez bezala.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA