Iñigo Astizek xehe-xehe azaldu zituen gurean Ihes ederra liburuaren bertuteak duela hilabete batzuk, eta beraz, ez da nire asmoa Etxartek eta Urrutiak egindako lanaren aupamen berririk egitea. Denbora darama dendetan, irakurleek eskutik eskura darabilte, eman du zeresana franko, baita emango ere, eta jurnalistak ez dauka daborduko ezer interesgarririk eransteko. Ez liburuaz behintzat. Bai, beharbada, sortu duen efektuaz.
Esplika nadin: aspaldian ez zuen irakurleak ikusiko argitaletxe inportante baten aldetik halako posturarik testu hutsez osatuta ez dagoen nobela baten alde. Komiki gutxi euskaraz, argitaletxe espezializaturik ez Saureren salbuespenarekin —oasia, baina txikiegia— ezta, orain arte behintzat, editorial estandarretan sailik, halako lanik publikatzeko.
Baina orain arte diot, ematen baitu hori aldatzera doala: Alberdaniak erruletako jokalari ausartarena egingo du eta irabazi dituen fitxak berriz jarriko ditu mahai gainean. Zurrumurruek diote sail bat sortzea dutela buruan, urtean pare bat irudi-eleberri publikatzeko asmoarekin. Eta gidoilari-marrazkilari batzuk ari dira lanean dagoeneko.
Ez da Alberdaniaren apustua bakarrik: kurioski, hiruzpalau asteko tartean beste bi komikiren berri ere izan dugu. Bata, berrargitalpen bat: Urbieta kaleko borroka liburuxkaren hirugarren edizioa aurkeztu berri baitute Potxo Edizioaken eskutik. Felix Likiniano militante anarkistak 36ko Gerran Donostiaren defentsan egindako lana du ardatz. 1979an argitaratu zen lehenengoz, eta egilea, J.J. Pi, nor den argitzeke dago oraindik.
Beste komikiaz are informazio gutxiago eskainiko dugu, misterio giroan gaudenez: antzerkilari ezagun batek egin du gidoia, Euskal Herri kontinentaleko mendietan dago girotua eta… horraino irakurriko dugu, oraingoz.
Duda gutxi: berri onak dira. Euskarazko komikien irakurlegoa sortzeko aukerak ugaritu egingo dira obra kopurua apurka emendatzen bada. Eta pentsatzen jarrita, arraroa ere izan da orain artekoa: idazle eta marrazkilariak ez dira falta Euskal Herrian, baina elkarlan iraunkorrik ez da sortu. “Ihes ederra efektua”-k —barkatuko didate Etxartek eta Urrutiak sintagma puztuegia iruditzen bazaie— ekar ditzala, beraz, ihes berriak.
[ARGIAren 2.239. zenbakian argitaratzekoa]
2 Iruzkin
Akaso, internet eta pantailen eraginez komikiak arrakasta handiagoa izango du (eta du) irudi-jendartea elikatuz. Poesiak ere uste dut bide beretik arrakasta handiagoa izango duela nobelaren aldean, hobe egokituko delakoan nago pantailaren eta gure denbora pertzepzioaren luze-laburrera. Ez ote?
Baliteke bai, baina… Ez dakit ba… Azken finean pantailen aroan bizi gara aspaldian, Interneten aurretik ere telebista hor egon da urte luzetan, eta juxtu garai horretan nobela izan da jaun eta jabe irakurleen artean…
(asko ari da nabaritzen nobelazalea naizela?)
Dena dela, batek daki: begira inprentak zenbaterainoko aldaketa ekarri zuen, zenbat mendetarako. Eta alderatu inprenta soil bat, ordenagailuak eskaintzen dituen aukera guztiekin… Uste dut oraindik ez dugula usaindu ere egiten etor daitekeena.