Bizardunen bigarren diskoa, laster zure taberna-zuloan

Gorka Bereziartua
3

Zer egingo ote dute hauek hurrengo diskoan...

Irlanda, Nafarroa eta kriston kojoiak, ez ordena horretan derrigorrez. Bueltan dira Bizardunak. Urriaren 10ean sartuko dira estudiora disko berria grabatzera; azarorako edozein taberna zulotako bafleetan entzungo da. En Zugzwang du lan berriak titulu, eta iaz publikatutako debutaren arrakasta bera badu, puska baterako izango dugu foralismo erradikaletik Euskal Herriko kontzertuetan.
Ia txantxa balitz bezala hartu genuen hasieran, baina denbora gutxian Santa Kruz apaizak baino jarraitzaile gehiago bildu dituzte inguruan. Gakoa, Harkaitz Canok Literatura DJen garaian hitzaldian eman zuen: taldea ikono bihurtu da, bere nazioa sortu du, bizardunen nazioa. Gizon eta emakume bizardunena. Kojon Prieto y los Huajalotes-en herentzia ganberroa; Dubliners-en eta Pogues-en hirusta berde kolorea; eta politikoki polit izateko batere gogorik ez. Sartu dena irabiagailu nafarrean patxaranez eta garagardoz nahasturik, eta ez ahazteko moduko festa izango duzu (biharamunaz ere, ez zara ahaztuko).
Momentuz, lan berriaren aurrerapen modura, Gor diskoetxeak kanta bat jarri du doan deskargatzeko. Ardo gorri naparra du izena, eta zuzenean grabatua dago. Kontuz mozkortu gabe.

3 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA