(A): ikur subertsibotik marka komertzialera; eta halere subertsibo, agian

Gorka Bereziartua
6

A bildu beltza

Nork ez du inoiz “A” letra marraztu? Eta nork ez du, noizbait, errebeldia keinu intimoago edo publikoagoan, hizki horixe bera zirkulu batez inguratu? Anarkistek erabiltzen duten a bildua –“a bildu beltza”, Internetekoarekin ez nahasteko– da, ziurrenik, pentsaera bat laburbiltzeko erabili diren sinboloen artean arrakasta sozial handiena lortu duena. Bartzelonako Virus argitaletxeak liburua atera berri du zeinu horren historia kontatuz, eta baditu zenbait alderdi kurioso.

Hasteko: nik uste nuen aspaldiko sinboloa zela. Ez dakit zergatik, XIX. mendean-edo kokatzen nuen, Bakunin eta Marx bizarra bizarraren kontra eztabaidatzen aritzen ziren garaian. Eta liburu honi esker (A: Historias y resultados imprevistos de un símbolo) jakin dut ezetz, askoz gazteagoa dela. 1964an gaude: Parisko Jeunesse Libertaire taldeak mugimendu anarkista osoari proposamena luzatu dio. Sinbolo berri bat erabiltzen hastea, margotzeko erraza, polizia iritsi aurretik edozein horma protestan jartzeko modukoa. Ez zuen onarpen handirik izan hasieran, anarkista askok uste baitzuten, ikurraren bertute nagusia, huraxe bera zuela akats handiena: hain erraz marrazten den zerbait batere problemarik gabe erabil dezakete anarkismoaren etsai herragalduek ere, mugimenduaren izena zikintzeko.
Bi urtez tiraderan egongo da beraz, baina agertuko bada, agertuko da. Milango Gioventù Libertaria taldearen paskinetan lehenbizi eta modu masiboan 1969tik aurrera, Giuseppe Pinelli-ren funeralean –militante anarkista hura komisaldegi bateko leihotik erori zen, komatxo artean; gertakariak Dario Fo-ren Anarkista baten ezusteko heriotza teatro lana ere inspiratu zuen–.
Anarkiaren ikurra duen galtzerdia

Hortik aurrerakoa ezagunagoa da: 1970eko hamarkadan punkyek estetika informalagoa emango diote eta arropatan ere erabiltzen hasiko dira. Ez du denbora asko beharko kontsumo produktu bihurtzeko. Edukiz hustu nahiko dute. Baita hein batean lortuko ere. Eastpack motxila enpresak marka erregistratu bihurtuko du a bildu beltza. Eta anarkodolarrak barra-barra irabaziko dituzte.
Paradoxa handia da beraz, anarkisten sinboloaren historia. Erakusten du nola sistemak badakien bere kontrako zeinuak ere aldeko bihurtzen. Formetan iraultzaile, oinarrietan kapitalaren morroi. Mundu ikuskera bat laburbiltzeko sortutako artelan txikia ez da gehiago tresna subertsiboa, merkantzia hutsa baizik. Baina ez dugu hain pesimista izan nahi, eta beraz, Galileorekin batera esango dugu, hala ere, mugitu egiten dela: aipatutako liburuan Gianluca Chinnicik mundu osoko argazkiak batu ditu, a bildu beltza oraindik herriak erabiltzen duen seinale. Anarkiak prozesuak maite baititu, eta joaten den bezala, itzuli ere egiten da, sinbolo honekin edo beste batekin.

6 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA